Berazubiko estadioa eraberritzeko hitzarmena onartu dute osoko bilkuran

tolosa 2011ko martxoaren 30a

Tolosako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu du Miguel Muñoa fundazioarekin eta Tolosa C.F.-ekin, Berazubiko estadioa eraberritzeko.

Pasa den astearten ospatu zuten osoko bilkuran, aho batez onartu zuten udal ordezkariek, lankidetza proiektu hau. Urte askoren ondoren adostasun puntu batera iritsi direla esan zuen Jokin Bildarratz alkateak, «beti izan baitira eztabaidak estadioaren etorkizunari buruz». Hainbat bilera egin ondoren, ordea, «egoera orekatu» batera iristea lortu dutela azpimarratu zuten, eta hau akordioko hiru parte-hartzaileen eskuzabaltasunagatik izan dela zioten: «denok eman eta utzi behar izan ditugu gauzak».

Urteetan zeharreko negoziazio hauetan, batetik, Miguel Muñoa fundazioak arazoak izan ditu, Muñoa zenaren testamentua zela eta. Bestalde, Tolosa C.F.-ek bere etorkizuna garatzeko inbertitzaileak behar zituela, argi izan du beti. Udalak, bere aldetik, «beti izan du borondatea» proiektu honetan parte hartzeko, baina Tolosa C.F.-ekin lehendik hitzarturiko akordioa 2016ra artekoa zen, eta udalak ez zuen inbertsio handiegitan sartu nahi, lau urterako soilik. Lankidetza hitzarmen berriarekin, ordea, 2050. urtera arteko kontratua sinatu dute; datozen bost urteetan inbertsio bat egingo du udalak. Hain zuzen ere, urtero 1.251 euroko errenta ordainduko du udalak. Gainera, obren lehen faserako, udalak jada 600.000 euro gorde ditu. Trukean, eta Tolosako Udalak berea ez den leku batera dirua bideratuko duenez, Berazubi Usabal kiroldegiaren osagarria izango da eraberritze lanak amaitu eta gero; ez dira zerbitzu berak eskainiko Usabalen eta Berazubin, eta kiroldegiko bazkide guztiek erabili ahal izango dituzte Berazubiko instalazioak, enpresa berak kudeatuko baititu bi kirol eremuak.

Akordioa aho batez onartu dute udal ordezkariek, eta Bildarratzentzat, «oso garrantzistua da» lortu dutena; «gazte asko mugitzen dira Tolosa C.F.-en inguruan». Tolosa osoari begirako proiektu bat ere badela azpimarratu nahi izan dute, izan ere, «herriko kirolaren azpiegiturari loturiko kezketako bat izan da beti» Berazubiko estadioaren auzia.

Birgaitze lanak bost fasetan egingo dituzte, eta behar gehiena duten zatiak konponduko dituzte lehenengo. Horrela beraz, lehenengo fasean aldagelak berrituko dituzte, eta baita harmailak ere. Gero, frontoia, padeleko kantxa, gimnasioa, atletismoko pista eta teniseko pista berrituko dituzte, eta azkenik, bulegoa eta dorrea konponduko dituzte. Igerilekuari dagokionez, oraingoz ez dute berrikuntzarik egingo. Era berean, futbol zelaiaren mantentze lanak Muñoa fundazioaren eta Tolosa C.F.-en artean egingo dituzte.

SOS Arrazakeriaren mozioa

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak mozioa aurkeztu zuen astearteko osoko bilkuran, etorkinen boto eskubidearen inguruan. Datorren maiatzaren 22ko hauteskundeetan, zenbait etorkinek botoa emateko eskubidea izango dute, Espainiako Gobernuak herrialde batzuekin hitzartutako ekordioak direla eta. Hala ere, zenbait etorkinen herrialdeetan boto eskubiderik ez dagoenez, hemen ere «ukatu egiten zaie» eskubide hori. SOS Arrazakeriak dio, demokrazia erabatekoa izateko, «ezinbestekoa» dela udalerriko biztanle guztien eskubide politikoak aintzat hartzea.

Mozioaren bozketan, PP eta PSE alderdietako ordezkariak aurka zeudela adierazi zuten, eta gainerako udal ordezkari guztiek aldeko botoa eman zuten, alkateak barne. Oscar Renedo zinegottzi sozialistak, mozioa orain dela bi hilabete sortua izateak, honen kontrako jarrera azaltzera bultzatu dituela adierazi zuen: «horretaz gain, edukiarekin ere ez gatoz bat». Bestalde, mozioa udaletan aurkeztu beharrean, Eusko Legebiltzarreko talde politikoei aurkeztea «egokiagoa» iruditzen zaiela nabarmendu zuen Renedok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!