Tolosako dendariek biltegiak hutsik utzi nahi dituzte asteburu honetan. Alde batetik, arropa berriei lekua egiteko, eta bestetik, biltegian gelditzen diren udako eta neguko jantziei irteera emateko. Arrazoi hauengatik antolatu dute Braderie 2011, larunbatean, 10:00etatik 20:30era.
Tolosako 70 saltzaile inguruk egun guztian zehar dendak irekita edukiko dituzte, baita bazkalorduan ere. Erosleek denda barruan eta kanpoan jarriko dituzten postuetan edukiko dute erosteko aukera. Braderie 2011n parte hartuko duten dendek, ekimeneko kartela eta oihal berde bat edukiko dute ikusgai. Horrez gain, mapak ere banatuko dituzte.
«Prezio oso berezian»
Produktuetan eta denden ordutegiarekin batera, erosleek erakargarritasuna prezioan aurkituko dute. Tolosa & Co-tik azaldu dutenez, «prezio oso berezian» egongo dira produktuak.
Hori nahikoa ez balitz, erosketak egiten dituenak bale bat jasoko du. Honekin, Tolosako hainbat tabernetan pintxo bat euro batean edukiko du. Tolosa & Co-tik ostalarien laguntza eskertu nahi izan dute ekimen honetan laguntzeko erakutsi duten jarreragatik. Horrekin batera, Tolosako merkatari elkartekoek udal langileak izan dituzte gogoan, euren prestutasuna eskertuz. Azkenik, herritar guztiak gonbidatu dituzte «larunbateko jaira».
Egun guztiko jaia
Tolosa & Co-k Trianguloa plazan gaztelu puzgarriak jarriko ditu haurrentzat. Bonberenea txaranga ere kalez kale ibiliko da, dinamizatzaile lanak eginaz. Ez dira ordea bakarrak izango. 11:00etatik 13:00etara, Compañia lo que tú me dices taldea egongo da. Arratsaldean, 17:30etik 19:30era, Circus band taldekoak Tolosako kaleetatik barrena ibiliko dira. Hauek akrobaziak, malabarismoak eta abar egingo dituzte.