Juan Garmendia Larrañagak bilduma liburua aurkeztu zuen iragan ostiralean. Agerkari etno-historikoa. Nere paperetatik izenburua du ikerlari beteranoaren azken lanak. Liburua editatu du Eusko Ikaskuntzak. Larrañaga 1926. urtean jaio zen Tolosan, eta egun bertako Seme Kuttuna da.
Etnografo, historialari eta idazlea ez zen bakarrik egon aurkezpen ekitaldian. Berarekin egon ziren, besteak beste, Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea; Jose Mari Muñoa, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria eta Jonan Fernandez, Baketik Bake Zentroko Zuzendari tolosarra.
Agerkari etno-historikoa. Nere paperetatik lanak eduki ugari eta anitzak dituzten testuak biltzen ditu, gehienak argitaratu gabeak, mende erdi luzeko ibilbidearen fruitu.
Alfabetikoki ordenatuta, landa ikerketa eta artxibo lanek osatzen dute argitalpena, baita hitzaldi, aurkezpen eta prentsan argitaratutako artikuluek. Gai ugari lantzen dira bertan: mitologia eta kondairak, errito eta tradizioak, artisautza eta lanbideak, biografiak, dokumentazio historikoa, lexikologia eta esaera zaharrak.
Eusko Ikaskuntzak editatu duen lana Nestor Basterretxea artistak okasiorako egindako marrazkiekin ilustratua dago.
Etxeko artxiboko lanekin
Liburua argitaratzerako unean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren «laguntzatxoa» izan du Juan Garmendia Larrañagak. Egilearen esanetan, liburua miszelanea bat bezalakoa da, «denetatik dauka zerbait».
Ikerlariak bere ibilbideaz hitz egiterakoan, hanka bat artxiboan eta bestea kanpo ikerketan eduki duela aipatzen du. Bi lanak ditu gustuko eta ofizioa pixkanaka ikasten dela onartzen du.
Larrañagak jadanik 10 bilduma liburu argitaratuak ditu. Azken hau, etxeko artxiboan zituen lanekin osatu du. Nestor Basterretxearen kolaborazioaz galdetuta, esker oneko hitzak izan ditu tolosarrak. Aurrez, Oteiza eta Julio Karo bezalako artisten laguntza ere izan duela gogoratzen du Larrañagak, bere lanetan osagarri gisa.