Gaur sinatutako akordioaren ondorioz, Tolosako Udalak etxeko lanak jarri dizkio bere buruari. 2020. urterako, energia kontsumoa eta emisio kutsagarriak %20ean murriztu beharko ditu.
Energiaren Euskal Erakundeak zuzentzen du Alkateen Ituna ekimena, Europako Batzordearen laguntzaile moduan. Bere helburua energia iraunkorraren aldeko urratsak ematea da, besteak beste, klima aldaketari aurre egiteko.
Alkateen Ituna sinatzen duten udalek hainbat konpromiso hartzen dituzte. Besteak beste, CO2 emisioak gutxienez %20 murriztekoa. Horretarako, energia-eraginkortasuna %20 hobetu eta energia-eskariaren %20 energia berriztagarrien bitartez ase edo beteko luke.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko, honako jarduera hauek garatu beharko ditu Tolosako Udalak:
1. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Planaren oinarri gisa, erreferentzia emisioen inbentarioa egitea.
2. Energia Iraunkorra Sustatzeko Ekintza Plana aurkeztea urtebeteko epean, Alkateen Ituna sinatzen duten egunetik kontatzen hasita.
3. Udalaren egiturak egokitzea, garatu beharreko ekintzak modu egokian egiteko, nahiko giza baliabideak hautatuz, besteak beste.
4. Ekintza Planaren garapenean parte hartzeko asmoz, tokian tokiko lurralde esparruetan gizarte zibila mobilizatzea.
5. Jarraipen txostena aurkeztea, Ekintza Planaren ebaluazioa, jarraipena eta kontrola egitea xedea duen txostena bi urtez behin, gutxienez, idatziz.
6. Energiaren Eguna edo Alkateen Itunaren Eguna antolatzea, Europako Batzordearekin eta interesatuta leudekeen beste erakunde batzuekin elkarlanean, energiaren erabilera adimendunak herritarrei dakarzkien onurak eta aukerak zehazki azaltzeko.