«Tolosaldean beti izan dugu arrakasta; etxean bezala egoten gara»

tolosa 2011ko martxoaren 24a

Asteburu honetan bi kontzertu izango dira Bonberenean. Ostiralean, 22:30ean, Reverendo Parker eta Motorsex taldeek joko dute. Larunbatean, kontzertu berezia izango da. Ama Say taldeak bere azken diskoa, Ren Fan, aurkeztuko du  Tolosan. Bonberenea Ekintzakekin grabatu du talde bizkaitarrak. 22:30ean hasiko da kontzertua. Beste bi talde ere ariko dira: Musergo eta Eten.

Ama Say hamasei urte egon da diskorik atera gabe eta, orain gutxi, berriro berpiztu dute Ibon eta Gorka Bilbao anaiek. Ibon taldeko ahotsa da, eta gitarra eta pianoa jotzen ditu. Gorkak bateria eta perkusioak jotzen ditu. Taldean beraiekin daude Gorka Morero gitarra jotzailea eta Mikel Gonzalez baxu jotzailea. Diskoan parte hartu du Joakin Pikaza gitarra jotzaileak. Gontzal Bilbaok (Portugalete, 1966) erantzun ditu elkarrizketako galderak.

Zerk bultzatu dizue hainbeste urte ondoren disko bat berriro grabatzera?

2008an elkartu ginen berriro, kontzertuak emateko. Kontzertuak oso ondo joan ziren; gu oso pozik aritu ginen. Eta pentsatzen hasi ginen disko berri bat egitea. Aurreko negu osoan eta udaberrian prestatzen aritu gara. Gero udan joan ginen grabatzera, batez ere abuztuan. Prozesua luzea eta konplexua izan da, baina azkenean lortu dugu.

Zergatik izan da luzea eta konplexua grabaketa?

Gure egoera oso berezia da. Ibon, Topo, Bartzelonan bizi da aspalditik. Horregatik, elkartzeko, entseguak egiteko, abestiak prestatzeko... zaila izan da.

Zer dela-eta erabaki zenuten Bonberenea Ekintzakekin grabatzea?

Nik, behintzat, aspaldidanik sekulako harremana dut Bonbereneako jendearekin. Eta gainera, bere baloreak, gaur egunean, sekulakoak dira. Nik pentsatzen dut horrelako baloreak edozein lekutan egon behar direla, baina zoritxarrez ez daude. Guretzat ohore bat da Bonberenearekin egotea: sekulako lana egiten ari dira, programazio bikainak...

Larunbateko kontzertua, beraz, berezia izango da.

Bonberenea gure etxea da. Gu ezkerraldekoak gara, baina tolosarrak ere sentitzen gara. Ama Say Bonberenea da eta uste dut Bonberenea ere Ama Say dela. Horregatik oso pozik gaude beraiekin, oso identifikatuta sentitzen gara.

Zein harrera izaten duzue hemen?

1990. hamarkadan hasi ginen kontzertuak ematen. Tolosaldean beti izan dugu arrakasta. Entzuleak ditugu bertan, jarraitzaileak. Horregatik diot etxean bezala gaudela. Etxean jokatzen dugu. Sekulako kontzertua izango dela espero dugu, sekulako giroa egongo da. Gainera, gure ekarpena egingo dugu. Gaur egun Bonberenea sekulako arazoak izaten ari da. Beraiei laguntza ematea oso garrantzitsua da. Guk uste dugu Bonberenea dagoen lekuan egon behar dela, bere jendearekin, bere politikarekin, bere programazioarekin, eta bere lanarekin. Gure kontzertua izango da, baina baita ere Bonberenearen kontzertua.

Disko berriarekin egin dituzue emanaldietan zer erantzun jaso duzue?

Hiru egin ditugu: Gasteizen, Durangon eta Bilboko Kafe Antzokian. Kontzertu gutxi egingo ditugu. Horien ondoren etena izango dugu eta gero ikusiko dugu zer egingo dugun. Jendearen erantzuna oso polita izan da. Gurekin jotzen dute Lisaböko Txap, Musergoko Maite..., eta guretzat plazer ederra da horrelako musikariekin egotea. Gu oso pozik gaude.

Musikaren aldetik, estilo berdinarekin jarraitzen duzue?

Urte asko pasatu dira. Hori gizartean nabaritzen da, eta musikan ere bai. Gure izaeran ere nabaritzen da. Diskoa motelagoa da, baina nire ustez borobilagoa, biziagoa, ilunagoa agian.

Abestien hitzetan gaur egungo hainbat egoerei buruz ari zarete.

Guretzat oso garrantzitsuak dira.  Zerbait egin behar dugu gizarte hau babesteko eta hobetzeko. Horregatik, horrelako hitzak egin ditugu, batez ere barruko konplexuak ateratzeko, gorroto hori ateratzeko. Norbaitek entzuten badu eta ondo iruditzen bazaio, hobeto. Ikusten duguna ez zaigu batere gustatzen.

Eta zer ez dago ondo?

Monster Kaos abestian, adibidez, leloan esaten dugu: «Beti esanez rise to power», hau da, beti esanez boterera igo zaitez. Baloreen kontua da. Irakaslea naiz eta ezagutzen dut nolakoak diren gaur egungo gazteak. Ez dira hobeagoak edo txarragoak, ezberdinak dira. Bonbereneako gazteen jarrera asko gustatzen zait. Beraien baloreak aipatzeko modukoak dira. Gure abestia hortik doa. Egungo baloreak oso latzak direnez, zerbait egin behar dugu. Egun osoan sofan etzanda egon ordez, ezer pentsatu gabe, zerbait egin behar dugu hobetzeko, batez ere gure seme-alabei zerbait hobeagoa emateko.

Euskaraz eta ingelesez abesten jarraitzen duzue.

Hori gure betiko marka da. Ahotsa ere musika tresna dela pentsatzen dugu. Horregatik erabiltzen dugu joko fonetiko bezala.

Azken bi diskoen arteko denbora tarte horretan zertan aritu zarete, eta nola ikusi duzue orokorrean musikaren bilakaera?

Musika jotzen aritu gara urte horietan. Zein taldean egon gara, eta hiru disko grabatu genituen. Baina oso lasai egon gara. Musikaren aldetik asko aldatu da egoera. Euskal Herrian, gaur egungo maila altuagoa da. Sekulako taldeak daude, azpiegitura gehiago daude musika egiteko. Baina talde berri batek bere musika kalera ateratzea zailagoa du. Atzerritarrak direnak hona etortzen dira jotzera. Horregatik talde berri batentzat kontzertuak ematea zailagoa da.

Musikari lotuta jarraitu duzue, beraz.

Gorka Morero Yakuzikoa da. Mikel, baxu jotzailea, eta biak, Zein taldean egon gara. Nire anaia, Ibon, musika egiten egon da, baina bere kabuz, bere etxean. Guretzat musika pasio bat da. Asko zaintzen dugu eta denbora daukagunean bideratzen dugu.

Txinaurriak diskoan parte hartu duzue ere. Nolakoa izan da esperientzia?

Bidehutsen lana sekulakoa da, aipatzekoa. Gu oso harro gaude horrelako disko batean parte hartzeagatik. Guretzat Mikel Laboa beti izan da maisu handi bat. Horregatik izan da ohore bat horrelako disko batean parte hartzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!