Tolosako zine eskaintza zabaldu egingo da Aste Santutik aurreraTopic-en

tolosa 2011ko martxoaren 23a

Tolosako zine eskaintza zabaldu egingo da Aste Santutik aurrera, udalak Autowag Tolosa kontzesionarioarekin sinatu berri duen akordioa dela eta. Leidor aretoaz gain, Topic ere zinemaz gozatzeko gune bilakatuko da.

Jokin Bildarratz alkateak berri «berezi eta pozgarria» dela adierazi du, eta akordioa egungo egoerak bultzatu duela dio: «egoera ekonomiko honek administrazioak finantza iturrien bila abiatzea bultzatzen du, eta guk iturri hori aurkitu dugunez, aditzera eman nahi dugu hitzarmen hau sinatuz». Autowag udalarekin inplikateaz gain, herritarrekin ere inplikatu dela nabarmendu du Bildarratzek: «enpresaren esfortzua azpimarratzeko modukoa da, eta egoera honetan balio bikoitza du».

Modu honetara, Autowag Tolosa kontzesionarioak hamar urtez lagunduko dio Tolosako kulturari. Enpresako arduradunek nabarmendu dutenez, Tolosarekin harremana izan nahi dute, eta epe luzerako, gainera: «herriaren bizitzan parte hartu nahi izan dugu». Bide honetan, urtero 6.000 euroko diru-laguntza emango dio Autowag Tolosak udalari, zine emanaldiak finantzatzeko.

Topic ere, zinemaren gune

Leidor berritu zenez geroztik, zinemak Tolosan «gorakada handia» izan duela azpimarratu du Bildarratzek, baina Topic-ek berak ere zine proiekzioak burutzeko «oso azpiegitura ona» duela dio. Beraz, herriko azpiegiturak probeste aldera, hitzarmen honekin batera Topic Tolosako zine programazioaren baitan sartuko dute.

Jarleku kopurua Leidor aretokoa baino baxuagoa denez, harrera handia duten filmeekin saio gehiago antolatuko dituzte.

Topic-en aurpegi berri honekin beraz, Tolosan zine analogikoaz gain zine digitalaz gozatzeko aukera ere izango da.

Aste Santurako programazioa

Hamabost egun barru Aste Santuko oporrak iritsiko dira, eta Tolosako Udalak zine programazio berria iragarriko du oporrak herrian pasako dituzten tolosarrentzat. Ostegun Santuan hasita, Topic-en zine digitala estreinakoz izango da Tolosan. Horretaz gain, haur eta gazteentzat programazio berezia ere izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!