Beotibarren 75.urteurrena ospatuko du Andia Kultur Elkarteak

tolosa 2011ko martxoaren 23a

Andia Kultur Elkarteak Beotibar Frontoiaren eta Kafearen 75. urteurrena ospatu nahi du, horretarako zenbait ekitaldi antolatuz.

Alde batetik, ‘Fronton kafetegia, 75 urteko historia’ izeneko argazki erakusketa izango da Fronton kafetegian bertan, gaurtik hasita, hilabetez. Bestalde, Ander Letamendiak ‘Pilota atzo eta gaur’ hitzaldia eskainiko du datorren martxoaren 31n, Fronton jatetxean, 20:00etan..

Frontoi baten bizitza luzea

1690 inguruan Plaza Berria zen herriko gunerik biziena, eta mitin politikoetatik hasita, zezenen soka eta, batez ere, pelota partidak ospatzen zituzten bertan. XIX. mendearen erdialdean, ordea, Tolosa asko hazi zen, eta Plaza Berria txiki geratu zitzaien herritarrei; zezenketak eta pelota-jokoak beste eremu batzuetara eramateko beharra sortu zen. hasiera-hasieratik, arrakasta izan zuen garai batean San frantzisko komentuarenak izandako baratzetan frontoi bat eraikitzearen ideiak, eta bide horretan, 1861ean amaitu zituzten frontoiaren eraikitze lanak.

1890 inguruan, tolosarrek frontoia eraberritu zuten, ikuslegoarentzako leku zabalagoa egokituz; orduan hartu zuen eraikinak Beotibar Frontoia deitura. 1923an Berazubiko estadioa eraiki zuten arte, Beotibar frontoi irekian askotariko kirol jarduerak antolatzen zituzten, hitzaldi politiko eta karitatezko ekitaldiekin batera.

Espainiako gerraren bezperetan, 1935. urtean, Tolosako hainbat bizilagun bildu ziren, udal korporazioari frontoi itxi bat eskatzeko. Udal ordezkariek eskaera onartu zuten. Berritze lanen ondorioz, aurreko frontoiko eremu bat libre geratu zen, eta ostalaritzari eskeini zioten txokoa, saloi-kafe bat irekiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!