Seinale berriak jarriko dituzte Tolosa hobeto ezagutzeko

Ataria 2011ko martxoaren 23a

Tolosako Udala herrian barrena seinale berriak jartzen hasi da, Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzari esker, %50ean finantzatuko baitu honek proiektua. Era askotariko seinaleak izango dira herri osoan banatuak: oinezkoei zuzendurikoak, ibilgailuz doazenei zuzenduak, eraikinetako ormetan ezarriak, begiratokiak edota mapak.

2009az geroztik martxan den proiektua Galemys enpresak egin du, eta Zut enpresa izan da diseinuaren arduraduna. Seinaleak diseinatu eta egiterako orduan, egun dauden seinaleak eta Eusko Jaurlaritzan nahiz nazioartean indarrean dagoen legeria jarraitzeaz gain, Adapta enpresak emandako irisgarritasun gomendioak errespetatu dira.

Bisitariei zuzendutako egitasmoa den arren, bertako herritarrak ere proiektu honen zati izatea da helburua. Batetik, seinaleztapen berriari esker Tolosaren historiaz eta kulturaz gehiago ikasteko aukera izango delako eta bestetik, bisitariei azalpenak ematerakoan informazio gehiago izango dutelako tolosarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!