Tolosako merkatariek euren sektorera egokituriko formazio berezia jasoko dute datozen hilabeteetan, Tolosa & Co merkatari elkarteak eta Gipuzkoako Merkatarien Federazioak sinatu berri duten hitzarmena dela eta.
«Lanbide guztiek eraberritzeko beharra» izaten dute, eta garaiak, bizimodua eta teknologiak aldatuz dozen heinean, merkatariek ere berrikuntzak beharrezkoak dituztela azaldu dute.
Horrela beraz, kalitatearen inguruko ikastaroetatik hasita, kudeaketa, salmenta, erakusleihoen atontzea, kontabilitatea, informatika eta finantzak lantzeko ikastaroak ere eskaintzen ditu Gipuzkoako Merkatarien Federazioak.
Tolosako merkatariek Gipuzkoako Federazioarekin sinatu duten lehen hitzarmena da hau, eta «betidanik gogoa» izan dutela diote: «ez dakigu guztia, eta gauza berriak ikasi behar dira».
Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Eva de Anton eta Fernando Amunarrizek, eta Tolosa & Co-ko Pedro Tolosak azpimarratu dutenez, hitzarmen honek epe luzerako fruituak ematea espero dute, eta Tolosatik kanpoko merkatariekin harremana erraztea espero dute: «hau oso lagungarria izango da, baita bezeroekin gertutasuna mantentzeko ere».
Ikastaroekin hasi baino lehen, merkatarien iritziak bilduko dituzte, eta beharrezkotzat jotzen dituzten ikastaroak burutuko dituzte. Datorren ekainean bertan ikastaroekin hastea aurreikusi dute arduradunek, eta eskualdeko merkatariei ere dei egin nahi diete bertan parte hartzera.
Beraz, informazio gehiago nahi duen edonork 943 65 35 78 telefonora deitu dezake, edo tolosakomertzio@gmail.com helbidera idatzi ere bai.