Aurkeztu dute jada, hainbat eragileren artean, aurtengo Euskaraenea ekimena, eta baita honen baitako egitaraua ere.
1998an Tolosan ospatu zen ikastolen aldeko Kilometroak jaia, eta egun hartarako Jon Sarasua bertsolariak egin zituen bertsoetan «...euskaraenera gonbidatu zaite...» aipatzen zen. Hau egokia irudituta, Euskaraenea izena jarri zioten antolatzaileek ekimenari, eta jada bigarren aldiz antolatuko dute.
Aurten bi helburu nagusirekin agertu dira arduradunak. Lehenengo eta behin, Mintzola Fundazioa Tolosako hiru ikastetxeetan DBHko ikasleen artean egiten ari den ikerketan oinarritu dira. Ikerketa praktikoa da, eta ahozko erabilera hobetzeko bidean ari direnez, Euskaraeneak ahozkotasunari loturiko euskarazko kultur adierazpenak bideratu ditu Tolosan, martxoaren 18an hasita, apirilaren 15era bitarte.
Bigarren jomuga bat ere badute, ordea, epe luzeagorako: hizkuntzaren normalizazioari eta euskarazko kulturari bultzada eman nahi diote, eta hau guztion artean izatea nahi dute.
Aurtengo leloari dagokionez, berriz, Jesus Peñagarikanok egin du: «Ahoz, hari eta ari». Mendeetan zehar ahozkoa bizirik irauteko tresna izan den aldetik, gaur egun ere hari berari tira nahi diote antolatzaileek.