Pasa den asteartean atxilotu zuen polizia frantsesak Jon Goio Jimenez tolosarra Baionan. Bere aurkako euroagindu eskaria zegoela jakinarazi ostean, Toulouseko Seysses espetxean kartzelaratua izan zen. Ordu batzuk lehenago, Ibai Agirrebarrena , Joseba Agirrebarrena lizartzarraren semea, ere atxilotu zuten Baionan.
Jimenezen aurkako euroaginduaren bista gaur bertan burutzekoa zen berez, baina Goioren abokatuaren esanetan atzeratu egin daiteke. Bitarte horretan espetxean egon beharko du tolosarrak. Atxiloketaren aurka protesta egiteko, elkarretaratzea izango da gaur, 19:30ean Tolosako Trianguloa plazan.
Ibai Agirrebarrena aske
Jon Goio Jimenezekin batera atxilotu zuten asteartean Joseba Agirrebarrena errefuxiatu lizartzarraren semea, eta atzo bertan aske geratu zen.
Baionan atzeman zuen Frantziako Poliziak Ibai Agirrebarrena, eta berri agentzien arabera Parisko epaile antiterrorista batek irekitako dosier baten baitan zegoen haren atxiloketa. Iazko maiatzean ere libre geratu zen polizia operazio handi baten barnean atxilotua izan ondoren.