Erabakitzeko eskubideari buruzko erakusketa Tolosan jarriko dute

tolosa 2011ko martxoaren 9a

Tolosako Eusko Alderdi Jeltzaletik azaldu dutenez, Batu Gaitezen ekimenak Tolosan izango du hitzordua asteburu honetan. Larunbatean, Tolosako Triangelua plazan erabakitzeko eskubidearen inguruko erakusketa estreinekoz ikusi ahal izango da.

Erakusketan, «azkeneko hamarkadetako hainbat une garrantzitsuetako argazkiak egongo dira erakusgai; batik bat, erabakitzeko eskubidearen inguruko gertakariekin zer ikusia dutenak» azaldu dute Tolosako EAJ alderditik. Antolatzaileen asmoa, «erabakitzeko eskubidearen aldarriak izan duen ibilbidea» azpimarratzea izango da.

Erakusketan alde batetik, argazki historikoak egongo dira eta bestetik, egunkarietan argitaratu diren hainbat berri.

Erakusketaren bidez oroitzapena landu nahi dute antolatzaileek: «Hainbat eragilek eta EAJk urte hauetan zehar erabakitzeko eskubidearen alde egin duten lana ez da nolanahikoa izan, eta erakusketa honetan horrela islatzen da».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!