«Urtero mozorrotzen naiz, mozorrorik gabe ez dago festarik»

tolosa 2011ko martxoaren 5a

Lore Iturrioz- Inauterizalea

Lore Iturriozek (Tolosa, 1981) Inauterietako izaera herrikoia nabarmentzen du. Jai egun hauek kalean bizitzekoak direla uste du eta argi du txarangen doinurik gabe Tolosako Inauteriak ez zirela direna izango. Dagoeneko sartu da Inauterietako zurrunbiloan eta seguru, urtero bezala, kalean emango dituela jaietako egun gehienak.

Zer dira zuretzat Inauteriak?

Urteko egunik onenak. Festa herrikoia izateak, bakoitza bere aletxoa jartzera bultzatzen du. Guztia atzean utzi, deskonektatu, lotsak eta aurreiritziak etxean utzi eta ileorde zahar bat nahikoa izaten da ondo pasatzeko.

Zer nabarmenduko zenuke?

Txarangarik gabe ez litzateke Tolosa izango, hemen ia astebururo izaten ditugu txarangak. Meritu ederra dute hainbeste egunetan ia egun osoz jotzen aritzen direlako. Giro ederra jartzen dute, eta guk tolosarrok ez dugu asko behar izaten beraien atzetik saltoka ibiltzeko. Egia esan, Dianan oraindik ez naiz atera, oso goiz izaten da niretzat eta eguna luzea denez, nahiago izaten dut eguerdian atera. Izango dugu horretarako denbora.

Gustuko al duzu mozorrotzea?

Bai, urtero mozorrotzen naiz. Mozorrorik gabe ez dago festarik. Urtero bezala azken momentuko inprobisazioa izaten da gure mozorroa, baina garrantzitsuena ileordea izaten da, nortasuna ematen dio ileordeak mozorroari. Gainera, ileordea eta betaurreko handi batzuekin ezagutzea kosta egiten da eta hori da politena.

Ba al dago urte hauetan atentzioa eman dizun mozorrorik?

Egia esan, urtero jendeen ideiekin haluzinatu egiten dut. Hau irudimena! Duela urte batzuk tolosar batzuk TSST autobus geltokian zain zeuden pertsonaiaz atera zirenekoa gogoratzen dut. Oso ona iruditu zitzaidan, ikasle bat unibertsitatera zihoana, haurdun zegoen emakumea, hondartzara zihoan bikotea, amona xelebre bat... Ideia oso ona.

Nolakoak dira Inauteri aurreko egunak?

Emozioz beterikoak, Kaldereroek ematen die hasiera Inauteriei eta primeran ibili gara, jende pila bat zebilen eta giroa oso ona.

Eta Inauterietako egunak?

Oso onak. %100 ematen saiatzen naiz egunero eta asteartean horrelaxe bukatu ohi dut, baina tira, merezi du.

Txarangazalea al zara? Zezen-plazatik behera saltoka joaten diren horietakoa al zara?

Txarangaren atzetik ibiltzea gustatzen zait, baina Alde Zaharrean tokatzen denean saltoka sartzen den horietakoa naiz.

Inauterizale petoa zarela esan al daiteke, hortaz.

Bai, eta urtetik urtera hobeto pasa ohi dut.

TRAGOXKA BATEAN

Txaranga doinu bat. Sasikoipatsu, Ostegun Gizeneko doinua.

Egun bat. Igandea.

Gaua ala eguna. Eguna, eta gero gaua (kar, kar, kar).

Kalea edo taberna zuloa. Kalea, noski.

Mozorro bat. Orain urte batzuk Arale marrazki bizidunetaz atera ginen eta mozorro horrekin geratzen naiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!