Irati Artutxak (Tolosa, 1989) txikitatik maite ditu Inauteriak, eta Ostegun Gizenetik hasi eta Asteartitara bitarte ez du ondo parrandarako aukerarik galtzen
Inauteriak hurbiltzen diren heinean zein sentsazio izaten duzu?
Urduritasuna, poza, gogoa...
Egunik onena?
Egunik onena? Ez nuke jakingo egun bat aukeratzen. Aukeratzekotan, Ostegun Gizena edo igandea aukeratuko nituzke. Osteguneko herri-giroa izugarri gustatzen zait. Txupinazotik hasita txaranga doinuek giro polita sortzen dute. Igandea, mozorrotzeko lehen eguna izaten da, eta beste izaera bat hartzen duzula dirudi.
Ostegunak zer du tolosar batentzat?
Emozioa, poza, urduritasuna. Niretzat, Inauteriak hasteko, egunik aproposena eta politena da.
Zer dira zuretzat Inauteriak?
Inauteriak? Niretzat, urteko egunik onenak. Egun guztia etxetik kanpo pasatzen dituzun egunak, alaiak, ikusgarriak eta gozatzeko egun aproposak; eguneroko kezkak ahaztu egiten dira. Tolosarra naizen aldetik, nire herriko Inauteririk bezalakorik ez dago.
Mozorroa ala txilaba?
Nahiago dut Mozorroa.
Prestatu al duzu?
Ez dut oraindik erabat prestatu, baina azken ukituak falta zaizkit. Beti azken momentuan ibiltzen den horietakoa naiz eta ez dut sekula ikasiko...
Erositako mozorroak ala etxeko trapuekin egindakoak dituzu nahiago?
Tolosako Inauteriek duten bereizgarrietako bat etxeko trapu zaharrekin mozorrotzearena da. Ni etxeko trapuak erabiltzen saiatzen naiz, baina hala ere, beti erosi behar izaten da zerbait.
Tolosako Inauteriei txaranga kenduko baliete?
Ez lirateke Inauteriak izango. Tolosako txarangek sortzen dituzten doinuak alaiak dira, pozgarriak eta atseginak. Inauteriak ez dira ezer txarangarik gabe.
Inauteriak, gauez ala egunez?
Nahiago ditut egunez. Horrek ez du esan nahi gauez ere gozatzen ez ditudanik! Eguneko giroa izugarri gustatzen zait, jendearen mozorro desberdinak eta karrozak ikusi, txarangen doinuez gozatu, dantza egin...
Kanpotar batek tolosar baten moduan bizi al ditzake Inauteriak?
Kanpoko jendeak Inauterietan ondo pasatzeko aukera izango du, baina ez zait iruditzen sekula tolosar baten moduan sentituko dituenik. Tolosarrontzat, oso egun bereziak dira.
Txikitatik izan zara inauterizale?
Bai, urte batean kanpora joan behar izan nuen arren. Gurasoek, lana zela eta anai-arrebokin egoteko denborarik ez zutenez, kanpora joan ginen guztiok. Baina lehenengoa eta azkena, ez naiz gehiago kanpora joango, ez bada garrantzizko zerbaitengatik.
Karrozako partaide ala txarangaren atzetik saltoka ibiltzen den horietakoa?
Txarangaren atzetik ibiltzea asko gustatzen zait. Hala ere, aurten lehenengoz, karroza aterako dugu, plataforma txiki bat, eta musikarik ez zaigu faltako hemen ere.
Kanturik politena, hunkigarriena?
Kanturik politena? Asko daude, baina Diana eta Baila negra gustatzen zaizkit gehien. Ostegun Gizeneko abestiak ere oilo-ipurdia jartzen dit, txupinazoa jo ondoren entzuten dugunean.
Mozorro gogoangarri bat?
Ez dut mozorro berezirik. Oso gustura erabili nuen Pantera Arrosaren mozorroa, orain bi urte. Kazkabarra aisialdi taldearekin jantzi nuen, oso beroa zen eta asko gustatu zitzaidan. Hala ere, aurtengo mozorroa da hoberena, baina Zaldunita iritsi arte ezin da ezer esan!
Hausterre egunean begiak irekitzean...
Hurrengo urteko Ostegun Gizenerako.gutxiago falta dela pentsatzen dut beti.