«Inauteriak mila modutara bizi daitezke, milaka aurpegi ditu»

tolosa 2011ko martxoaren 3a

Juan Manuel Zaldua,  Inauterizalea

Inauteriak hasi dira, eta inauterizaleak jada prest daude Inauteri giroan sartzeko. Juan Manuel Zalduak (Tolosa, 1955) inauterizale eta festazale bezala definitzen du bere burua. Urtero bezala, mozorroa prest du datozen egunetarako eta festazale on bat bezala, ez da aurten Inauterietan egingo duen eguraldiaren beldur.

Zer da Inauterietan gehien gustatzen zaizuna?

Dena gustatzen zait. Inauterietako egun guztiek dute zerbait berezia, niretzat behintzat. Ostegun Gizenak adibidez badu bere grazia, hasiera delako. Jende askok lankideekin lotzen du eta badu bere berezitasuna. Parranda giro ederra egoten da. Larunbata izango da, agian, zozoena. Baina, badu bere grazia ere. Festa giroan sartu behar da eta giroan sartu zaitezke edozein egunetan, edozein gauzarekin. Inauteriek horixe dute, denetako aukera dagoela. Ikusteko gozatzeko eta abar. Ez naiz gauza egun bat hautatzeko. Denok daukagu programatxo bat eginda, nahiz eta, Inauteria baden arauen kontrako zerbait. Baina, denok daukagu programa bat eginda. Iganderako zerbait daukagu prestatuta, astelehenerako beste zerbait eta astearterako beste zerbait.

Noiz hasi zineten aurtengo Inauteriak prestatzen?

Lehen esan bezala, programa bat daukagu eta gure kasuan astelehenean adibidez zerbait berezia prestatu dugu, beste batzuekin antolatutako zerbait. Nik parte hartu dudan lehenengo bilera lehengo astean izan zen, eta bultzatzaile nagusiek astebete lehenago egin zuten lehenengo bilera. Inauteriek denetarako aukera ematen dute. Ematen du aukera 3 hilabete lehenago lanean hasteko, eta oso ondo egiten dute. Beste batzuek bezperan hasten dira, eta hori da betidanik ezagutu dugun Inauteria. Batzuek berriz, aldez aurretik gauzak ondo pentsatuta gauzak eta lan asko eginda, eta beste batzuk lan asko eginda.

Zer sentitzen duzu tolosarra eta inauerizalea izanda txupinazoa eta lehen txaranga hotsak entzutean?

Tolosar, Inauterizale eta festa gustatzen zaion norbait naiz. Eta Inauteriak horien barruan sartzen den zerbait da.Gorputza bakarrik mugitzen hasten da. Giro hori sortzen da, gorputza mugitzeko edo. Musikak eta giroak mugi arazten zaitu, hau guztia barrutik sortzen da. Gainera, Ostegun Gizeneko txupinazo ondorengo hots horiek izaten dira lehenengoak. Eta, azken urteetan ere eguraldiak ez du gehiegi lagundu.Hala ere, mundu guztia sartzen da giroan.

Zertan inspiratzen zarete mozorroak prestatzerakoan?

Bakarren bati zerbait bururatzen zaio eta beste batek beste zerbait gehitzen du.Batzuetan errazenetik jotzen dugu eta nire ustez Inauteriek badute hori. Etxean daukazunarekin ea zerbait egiteko gai zaren ikustea. Azkeneko urteetan dendetan eta, egindako gauzak saltzen dituzte. Horrek bidea errazten du. Baina, lehen eta askok oraindik lehendik etxean dagoen zerbait aprobetxatzen dute, beste modu batera jarri eta horrela antolatu. Tolosan jende askok egiten du ganbara joan eta ea zer dagoen ikusi. Ezer ez badaukazu erosiko duzu, egingo duzu edo jostunari emango diozu. Hor ere aukera dago, jendeak denetatik egiten du. Zertan inspiratu? Zorionez edo zoritxarrez denetatik ikusten duzu. Globalizazioak ere badu bere eragina. Telebistak egunero bere dosia ematen digu eta zaila da ihes egitea. Eta saltzen diguten musika ere islatzen da. Inauterietan egunero janzten ez duzun zerbait jantzi behar duzu, baina ez duzu bereziki ezer behar giroan sartzeko eta ondo pasatzeko. Inauteriak mila modutara bizi daitezke, ‘multi’ aurpegiak ditu eta bakoitzak bere modura igaro ditzake.

Zer da urtero Inauterietan errepikatzen duzun eta falta ezin den gauza?

Azkeneko urteetan, adibidez Diana. Gaztetxoagoa nintzenean ez nintzen Dianara joaten. Larunbatean gaua luzatu baduzu, oso zaila da hurrengo goizean Dianara puntual jaistea. Baina, azken urteetan Diana da gauza bat ia betebehar bihurtu dena guretzat. Gainera, Diana bukaerarako haragi gisatua patatekin prestatzen dugu, ondoren indar berritzeko. Eta hau da, lehen esan dugun programa horretan nolabait urtero errepikatzen dugun zerbait.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!