Inauterietako ezaugarri nagusia mozorroa da, baina bada beste bat festa hauekin erraz lotzen dena: jendetza. Eta festa giroan jendea joan ohi den lekuetako bat tabernak dira. Tabernariek erruz egiten dute lan festa hauetan eta duela egun dezente prestaketak egiten ari dira: biltegia gehiago hornitu, langile gehiago hartu, jakiak prestatzen hasi...
Tolosako Elorri tabernakoak apainketa lanetan harrapatu ditu hitzak. Aurten taberna Zara etxeko denda bihurtuko dute. Olga Fidalgo arduradunak dioenez, «seigarren Inauteriak dira tabernan gaudela eta urtero mozorrotu gara: zonbitaz, azafatak bezala, bainulari bezala...». Fidalgok garbi du Inauterietan tabernariak ere mozorrotu egin behar direla festan parte hartzeko.
Festak taberna barruan igarotzen ditu. «Ez dut jakiten zer gertatzen den tabernatik kanpo», dio. Lanik handiena prestaketak dira: «Biltegia prestatu, apainketa, mozorroak... Gero taberna irekitzea eta edozein larunbata batean bezala lan egitea da, baina ordu gehiago eta jende gehiagorekin».
Ostegun Gizena azken urteetan asko igotzen ari dela dio Fidalgok. «Hamabiak ondoren jende gaztexeagoa etortzen da eta gero, gauean, helduagoa sartzen da tabernara». Ostiralean jende gutxixeago izaten dela eta azken urteetan larunbatean ere ez dela hainbeste etortzen dio: «Herri bakoitzean zerbait prestatzen dute. Aurten, The Wailers taldearen kontzertuarekin pentsatzen dut jende gehiago izango dela, asko kanpokoa».
Elorrik berez arratsaldeko seietan irekitzen du, baina igandean eguerdian zabaltzen dituzte ateak. Karrozak oso gertu pasatzen dira eta giroa bertatik bertara izaten dute. «Eguraldiak baldintzatzen du kanpoko jendea etortzea igandean», dio. Astelehenekoa, gaupasa egunekoa, jende gehien izaten den gaua da. Tabernek 05:30ean itxi behar dute. «Motz egiten zaie parrandan ibiltzen direnei, baina ordutegia errespetatu beharra dugu», azaldu du Fidalgok. Asteartean jende gutxiago izaten dela dio Elorriko arduradunak. «Gauez herrikoak bakarrik ibiltzen dira».
Bezero gehiago izaten direnez, langile gehiago ere aritzen dira tabernan. Larunbat batean baino bi lagun gehiago izaten dira barraren atzean. Edariei dagokionez, batez ere kuba-libreak ateratzen dituzte, gaueko taberna delako. Egunean zehar alkohol gutxiago duten edariak eskatzen dituzte bezeroek.
Ehunka ogitarteko
Tolosako Ikatza tabernako Jesus Mari Artutxak dioenez, Inauterietan gelditu gabe egiten dute lan, «goizeko hamarretan hasi eta gau aldera arte». Ostegun Gizenean «jendea gogoarekin hasten da, indartsu», dio Artutxak. Ostirala lasaiagoa izaten dela dio, larunbata ere bai eta egunik indartsuena igandea izaten da: «Jende asko etortzen da kanpotik, hiriburutik. Baina osteguna da niretzako egunik politena».
Astelehen gauean ere jende asko izaten dela dio eta asteartean lasaiago ibiltzen direla. Hain justu, gaupasa egunean kontzertua izango da plaza Berrian eta horrek bezero gehiago erakarriko dituela espero du.
Inauterien ondoko egunetan ere taberna irekitzen du Artutxak. «Gero hurrengo astean pare bat egunez gelditzen gara», dio. Ikatzan pintxoak eta ogitartekoak zerbitzatzen dituzte. «Gure lan handiena eguerdian pintxoak eta arratsaldean eta gauean ogitartekoak ateratzea izaten da». Ostegunean eta igandean, egun bakoitzean 500 ogitarteko inguru zerbitzatzen dituzte.
Langileen aldetik, larunbatetan hiru edo lau izaten badira, Inauterietan zortzi aritzen dira egunero, batez ere barran. «Sukaldean emaztea aritzen da eta bi edo hiru lagun adina egiten du. Berari laguntzeko pertsona bat hartzen dugu», azaldu du Artutxak. Bestalde, hamabost egun daramatzate prestaketa lanak egiten: biltegia hornitu, janariak prestatu eta batzuk izoztu...
Taberna zertxobait apaintzen dute eta igandean eta asteartean denak berdin mozorrotzen dira, aurten eskoziarrez. Edariei dagokionez, astelehen gauean txupito asko eskatzen direla nabarmentzen du Artutxak.
Eta tabakoarekin zer?
Tabernetan ez erretzea asko errespetatzen dela dio Fidalgok: «Lehenengo festa handia Errege Eguneko bezpera izan zen eta harritu egin nintzen jendearen errespetuarekin. Edozein larunbatetan ere ez dut jendea taberna barruan erretzen ikusten. Kanpoan bai, eta horregatik jarri dugu balda bat, jendeak bere edalontziak uzteko».
Gertatu izan zaie jendea ateratzea eta edalontzia barran uztea. «Askotan ez dakizu itzuliko den eta, beraz, edalontzia jaso daitekeen ala ez», dio Elorri tabernakoak. «Inauterietan ez dut uste inork edalontzia barran utziko duenik».
Artutxak ez daki jendearen jarrera zein izango den Inauterietan. «Orain arte ez dugu arazorik izan. Jendea kanpora ateratzen da. Egun horietan ez dakit zer gertatuko den, baina nik uste dut errespetatuko dutela», azaldu du.
Janaria zerbitzatzen dutenez, asko nabaritu dute orain taberna barruan tabako kerik ez izatea. «Bezeroek ere esaten digute, arropan usainik ez dela gelditzen eta pintxoetan ere nabaritzen dela», gaineratu du.