Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak udalen hizkuntza-politikaren bigarren azterketa burutu berri du. Eskualdean Tolosako Udalaren lana bakarrik jarraitu dute, eta bera, 13. postuan sailkatu.
Kontseiluak 2006an aurkeztu zuen lehen aldiz udalen hizkuntza-politiken neurketa; hain zuzen ere, 2.000.000 herritarri eragiten dieten 66 udalerriren hizkuntza-politikak. Horrela, lau urte geroago politika horiek berrikusteko garaia iritsi dela uste izan du Kontseiluak; izan ere, «denbora-tarte horretan udalak osatu dituzten indar politikoek aukera izan baitute hizkuntza-politika eragingarria abiatzeko».
Prozedura «zorrotza» izan dela esan dute Kontseilutik. Udalak hartutako erabakiak, esleitutako baliabideak eta horien emaitzak aztertzeaz gain, herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzeko eta langileek euskaraz lan egiteko eskubideen bermea zein neurritaraino dagoen eta nola gauzatzen den neurtu da. «Finean, herritarrei eragiten diete udalen hizkuntza-politiken ondorioek. Horrela, hizkuntza-politika bat ezaugarritzen duten hiru zutabeak izan ditugu aztergai: corpus juridikoa, plangintzak eta diru-baliabideak».
Udalerri bakoitzak lortutako puntuen arabera sortutako sailkapenean, Tolosa 13. postuan aurkitzen da, 7.4127 punturekin. Kontseiluak «ongi» batez kalifikatu du. 0tik 10 arteko notak jarri dira erantzunen azterketa egin ondotik. 0 puntu izateak hizkuntza-politikak euskarari inolako tarterik ez diola eskaintzen adierazi nahi du eta 10 puntuek euskara hutsezko funtzionamendua definitzen du.7 puntu eskuratzeak adierazten du euskara lehenesteko udalak egiten duen ahalegina.
«Erabilera bultzatzen»
Ondorio argi bat atera du Kontseiluak bigarren neurketa honetan eta horrela laburbildu du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak: «Udaletako hizkuntza-politikak aztertu ostean dagoen egoera hoberen definitzen duen hitza nahaspila da». «Alderdiek ez dute hizkuntza-politika definiturik: horrek, alderdi berekoak diren bi udalen arteko hizkuntza-politikan 10eko puntuazioaren gainean 7 puntuko aldea egotea ahalbidetzen du».
Ainhoa Etxeberriak, Tolosako Euskara zinegotziak, «nahaspila» honen aurrean herri bakoitzak bere errealitatea duela gogorarazi nahi izan du. Horrekin batera, euskararen ezagutzaren garrantzia ahaztu gabe, erabilera azpimarratu du: «Gehienbat erabilera ari gara bultzatzen udaletik, ikusi baitugu ezagutza maila handia dela. Ikastetxeekin ere lanean ari gara. Euskaraz ez dakitenek edo etorkinek, gela barruan ez dute horrenbesteko eragina baina aisialdian giroa erdaldundu dezakete. Aisialdian eragina edukiko duten politikak bultzatzen ari gara ondorioz. Adibidez, gazteek euskaraz gehiago hitz egin dezaten, jakin bai baitakite, Mintzola, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzarekin ahozkotasuna lantzeko akordioa sinatu genuen».