Usabal kiroldegia igande arratsaldeetan aisialdirako aukera bilakatu da

Ataria 2011ko martxoaren 1a

Usabal kiroldegia igande arratsaldeetan, 14:00etatik 20:00etara, irekitzea erabaki zuen Tolosako Udalak urtarrilaren 16an. Proba moduan hasi ziren eta esperientziak 13 igande iraun behar zituen. Zazpi igaro dira eta jadanik lehen balantzea plazaratu dute udaletik: «Bi hilabete igaro dira eta esan liteke helburua bete dela. Hasieran jarritako zenbakiak gainditu egin baitira».

Ondorio nagusiak

Probarekin hasi zirenean helburu batzuk jarri zituen Tolosako Udalak. Besteak beste, «Tolosarren aisialdi aukerak zabaltzea; igande goizetako erabiltzaile kopuru handia egun guztian zehar banatzea eta 300 erabiltzaile inguru elkartzea arratsaldeetan, familiei eta 12-18 urteko gazteei garrantzia emanaz».

Zazpi aste igaro diren honetan, lau ondorio atera dituzte: «Eguraldiak eragina duela; familia ugari joan direla: igerilekua eta kanpoko zelai txikia direla gehien erabiltzen diren zerbitzuak eta ordutegi arrakastatsuena 17:00etatik 19:00etarakoa dela».

Aurrera begira, martxoaren 27an eta apirilaren 17an, haurrentzat gaztelu puzgarriak jarriko dituztela iragarri dute udaletik. Hauek, Usabal kiroldegiko goiko kantxan kokatuko dituzte

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!