Txosnak ere herriaren parte direla aldarrikatu dute

Ataria 2011ko otsailaren 28a

Inoiz baino kontzertu, jarduera eta ekitaldi gehiago antolatu dituztela azaldu dute Tolosako Txozna Batzordeko kideek.

Aurtengo Inauterietan, Alondiga plazan egongo da txosnagunea eta honekin ez daude oso gustura: «Azken hiru urteetan gure txokoa Euskal Herria plazan antolatu dugu, baina oraingoan Tolosako Udalak Alondigako plazara baztertuko gaitu, txoznak jai girotik urrunduz». Honen aurrean, eurek leku finko bat aldarrikatzen dute: «Txoznaguneak beharrezkoa du Inauterietan bere toki finkoa edukitzea, eta jaiei eskaintzen dien guztiagatik merezi ere, merezi du. Gure ustez, Euskal Herria plaza da ezbairik gabe txoznentzat tokirik aproposena, gerontologiko berria egin den plaza baino askoz egokiagoa baita. Ez gatoz bat udaletxeak honen harira ezartzen dizkigun trabekin eta aitzakiekin, eta gure eskakizuna argia da: Euskal Herria plaza izan dadila Inauterietan txoznagunearen toki finkoa».

Txoznagunea karpa baten barruan egongo da Inauterietan. Sei egunetarako antolatu duten egitaraua begiratuz gero, haur, gazte nahiz helduek jai giroa topatuko dute bertan.

Eredu alternatiboa eta parte hartzailea bultzatzen duen gunea izaki, aldarrikapenek bere lekua edukiko dute txosnagunean. Gauzak horrela, «gazteen egoera salatuz, ama lurra babestuz, parekidetasuna sustatuz, sozialismoaren alde, independentziaren alde...» jardungo dira. Jai giroa kolore desberdinez marraztuko dute Alondegia plazan. «Trabak traba», hori azpimarratu nahi izan dute batzordekoek: «Nahiz eta udalak tokiz baztertu eta hainbat laguntza ukatu, ahalik eta txosnagune hoberena antolatzen jarraituko dugu, urtez urte eta kosta ala kosta. Azken batean, txoznagunea ezinbestekoa baita Inauterientzat».

 

Egitaraua

OSTEGUN GIZENA

12:00etan. Txistor jana eta txosnen irekiera.

12:30ean. Txupinazoa.

21:00etan. Zagi sagardo/ardoa. Zuek afaria guk edaria.

OSTIRAL MEHEA

18:00etan. Txosnen irekiera.

21:00etan. Txupinazoa. Ondoren, Zagi sagardo/ardoa. Zuek afaria guk edaria.

23:00etan. Dolce Tangana eta Glaukoma Sound System.

ZALDUNITA BEZPERA «Haurren eguna»

18:00etan. Txosnen irekiera. Ondoren, txokolatada eta marrazki maratoia.

ZALDUNITA

15:00etan. Txosnen irekiera. Giroa alaituz Bonberenea txaranga.

22:00etan. Kontzertuak: Segoviako ihesa, Jostion eta Laket.

ASTELENITA

15:00etan. Txosna gunearen irekiera.

23:00etan. Kontzertu: Bad Sound System.

ASTEARTITA «Emakumeon eguna»

18:00etan. Txosnen irekiera.

19:00etan. Mozorro lehiaketa.

21:00etan. Afari feminista. «Neskak eta mutilak, denok batera, Martxoak 8 ospatzera». Egun guztian zehar tragoak 3X2!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!