Bilgune Feministak eta EBEL-ek (Emakume Baserritarren Elkartea) ekimen bateratua aurkeztu dute gaur goizean Tolosan.
Honako testua irakurri dute, eta emakume guztiei dei egin diete:
"Emakumeak baserrietan badaude baina lanik egiten al dute? Hain azkar erantzuten diogu galdera horri… Eta orduan zergatik ez zaizkigu aitortzen langile bezala dagozkigun eskubideak? Problematika zabala da emakume baserritarrarena eta belaunaldi berrietan arazo batzuei aurre egiten ari bagara ere kolektibo bezala begiratuta gure egoerak okerrera egin du.
Urrun xamar dago urtarrilaren 27a, baina gogora dezagun baserritarrok ere kalean izan ginela besteak beste emakume baserritarraren egoera kaltetzera zetozen neurri eta murrizketa berriak salatzeko. Egin dezagun atzera, 90eko hamarkada buelta hartan sekulako lana egin zen EHNEtik emakume baserritarrak kotizatzen has zitezen, ordura arte etxe gehienetan gizona zen langile izaera zuena eta emakumea ez zen langile bezala errekonozitua administrazioaren aurrean. Esan beharra dago emakumeak ez zuela erraza gizarte segurantzan alta ematea, izan ere bete behar eta froga ugari eskatzen zitzaizkion horretarako (baserriaren titularra izatea, etxeko sarreren % 50 baserritik jasotzea, nahiz gizonak etxetik kanpo lan egin horrek suposatzen duenarekin…). Kontuak kontu eta borrokak borroka lortu zen emakume asko kotizatzen hastea. Orain berriz, egindako ahalegin eta ekarpen guztiak lapurtu eta berriro, batez ere emakumeak kaltetuko dituen neurriekin datoz. Bizi guztian baserriko lanak egiten aritu, etxeko lanak bere gain hartu eta sistema patriarkal honek emakumearen bizkar gainera botatako zaintza lanak asumitu ondoren ez dugula erretiro ordainek jaso ahalko?
Adin eta kolore ezberdinetako emakumeak gara, eta bakoitzak modu berezituan pairatzen ditugu krisi honen alde ilunenak, baina komunean duguna egoera hau aldatzeko apustua da, gure borroka ez baitago krisian!
Beraz, inoiz baino ozenago, bizi ditugun prekarietate egoerak salatu eta gure bizi baldintzak hobetzeko neurriak exijitu behar ditugu: Ezinbestekoa da, emakumeok ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartzea eta bide horretan lanerako eskubidea oinarri izatea. Lanaren kontzeptuaren inguruko definizio berria eman behar da, lan produktibo eta erreproduktiboaren errekonozimendu soziala, politikoa eta ekonomikoa eman; honela, ekonomiaren kontabilitatean sartuko dena. Gaur egun etxeko langileentzat dagoen erregimen bereziarekin bukatu beharra dago. Diru sarrera minimoak izateko eskubidea. Emakume bakoitzak beharrezkoak dituen prestazio ekonomikoak eta gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea oinarri izanik, ezin da Pobreziaren Mugatik behera kokatutako oinarrizko soldata onartzen duen hitzarmenik egon. Beraz, egun dauden prestazio eta laguntza ezberdinak pobreziaren mugara iritsi behar dira.
Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da, beraz, merkatuaren logikatik eta espekulaziotik kanpo geratu behar du eta instituzio publikoetatik hau bermatzeko bitarteko guztiak jarri beharko dira.
Egun dagoen zerbitzu publikoen murrizketen aurrean ezinbestekoa dugu emakumeon bizi baldintzak hobetzeko aurrekontuak exijitzea. Oinarrizko eskubide sozialen aldarrikapenak egi bihurtu behar ditugu: 0 urtetik aurrerako hezkuntza integrala, osasungintza integrala, bazterketa soziala ekiditeko mekanismoak, elkarbizitza unitate eredu ezberdin guztiek aukera berberak izatea,e.a.
Duintasunik gabeko etorkizunera kondenatu nahi gaituzten arren, guk geuk, gaurdanik dagokigun geroa eraikitzen jardun behar dugu, gure eskubideen aldeko borrokan, Euskal Herri feminista lortzeko borroka ez baitago krisian. Langile ikusezinak izan bagara ere, borrokan ikusiko gaituzte!
Beraz, martxoaren 8aren testuinguruan egingo diren mobilizazio eta ekimenetan parte hartzeko deia zabaldu nahi diogu jendarte osoari eta batez ere, emakumeei.
Gure borroka ez baitago krisian! Prekarietateari planto!"
Martxoak 8, TOLOSAN
Aurten Emakumeon Nazioarteko Eguna, Martxoaren 8a, Inauterietako asteartearekin bat dator eta aldarrikapenerako aukera ez du galduko Tolosako Bilgune Feministak. "Super Emakumeen" kapa jarrita aterako dira kalera. "Ramos Azkarateren alaba gaiztoak izango gara" azaldu dute."Ramos Azkarate bai, Galtzaundiren bertsoak idatzi zituen tolosar euskaltzalea. Berdura plazan bere txokoa duen jaun txit gorenaren alaba gaiztoak izango gara" gaineratu dute. "Urtero bere eskulturaren ondoan agertzen den bertso horretan inpernura bidaltzen dituen alaba gaiztoak".
Honela esaten du:“Abajo las mujeres, deabruz josiak, ai! Ilda bazeundete, zeraten guztiak, josapatien izango, ditugu auziak, han konponduko zaitu, goiko justiziak”.
Tolosako Bilgune Feministako kideen hitzetan: "Aurrez aurre topatuko du aurten Alaba Gaiztoen bertsoa eta haien oihuak berriz, Tolosako kaleetan gora eta behera. Gonbidatuak zaudete emakume guztiak! Jantzi kapa moreak bizkarrean eta kulero moreak buruan, eta ibili gaitezen munduan!".
Inauterietan ere aldarrikapenerako aukera aprobetxatuz, "karroza prestatzen ari gara eta dei egiten diegu Tolosako eta eskualdeko emakumeei gurekin batera parte har dezaten Iñauterietako asteartean, Emakumeon Egunean".