Badatoz aurtengo Inauteriak, zenbait berrikuntzekin

Ataria 2011ko otsailaren 22a

Aurtengo Inauterietako bederatzi egun eskas falta diren honetan, udal ordezkariek festetako  egitarauaren aurkezpena egin dute Aranburu jauregiko Jeiki!Jeiki! erakusketaren erdian, Inauterietako argazkiez inguraturik.

«Inauteriek aurkezpenik ez dute behar, eta ezinezkoa da Inauteriak hitzez azaltzea», dio Andoni Iturzaeta zinegotziak. Urteroko egitarauaren ildo beretik joango dira aurtengo festak ere, eta «aldaketarik ez izatea positiboa» den arren, «Inauteriek ondo funtzionatzen dutela adierazten duelako», udal ordezkariek apustu berriak egin behar direla nabarmendu dute, «Tolosako Inauteriek erreferente bat izaten jarraituko badute behintzat». Horrela beraz, 2011. urteko Inauterien egitarauaren baitan badira hainbat berrikuntza.

Reggae doinuak Tolosan

Larunbatean, Zaldunita bezperan, kotzertua izango da Euskal Herria plazan, estreinakoz Inauterietan. Bob Marley-k 1963an sortu zuen The Wailers taldea izango da gurean, eta reggae doinuez gozatzeko aukera izango da 23:30ean, doan.

Gainera, Astelenitan ere kontzertuetako musika entzungai izango da txarangenaz gain, Gatibu eta Keiran talde euskaldunen eskutik, Plaza Berrian. «Tolosarrez gain, kanpotik bertaratzen diren festazaleei begira ere» osatu dute egitaraua, eta kontzertuak honen harira antolatu dituzte besteak beste.

Barrakak eskuragarriago

«Herritarrei eskaintza erakargarri eta ekonomikoago bat egiteko, eta honen bidez barraken erabilera indartzeko eta merketzeko» helburuarekin, Tolosako Udalak akordioa sinatu du Euskadiko Feriante Autonomoen Elkartearekin. Udalak ez die ferianteei leku publikoko tasarik kobratuko, eta horren trukean hauek prezioak jaitsi beharko dituzte, %40eko deskontua aplikatuz bai txikienentzako eta baita gaztetxoenentzako barraketan ere. Jokin Azkue zinegotziak elkarlanean egindako esfortzua izan dela nabarmendu nahi izan du, eta aurtengo Inauterietan ikusiko dela zer nolako harrera izaten duen prezioen moldaketak honek.

Aipatzekoa da era berean, barraken gunean aurten Kontseiluaren tonbola izango dela Inauteri guztietan zehar, eta euskarak eta euskalgintzak ere izango duela bere txokoa beraz.

‘Inauterizale kuttuna’

Aurten lehenengoz, Inauterizale Kuttuna izendapena esleituko dio Kabi Alai elkarte tolosarrak norbaiti, eta Ostegun Gizeneko txupinazoan jakingo dugu nor izango den 2011ko Inauterizale Kuttun hori.

Inauteriak denontzat zabalik

Inguruko herrietatik Inauteriez gozatzera datorren edonorentzat garraio publikoa indartu egingo dute egun horietan. Autoz etortzeko asmoa duten bisitariek, berriz, Alondegiko, Lapurdiko nahiz Asuntzion Klinikako aparkaleku pribatuak izango ditu alde batetik, eta Usabal kiroldegiko, eta industriaguneko, eta San Esteban auzoko aparkaleku publikoetakoa bestetik.

Joan den urtekoa errepikatuz, Zerkausia jantoki bilakatuko da Zaldunitatik Asteartitara bitarte. Udalak aulkiak nahiz mahaiak jarriko ditu bertaratzen direnentzat, eta etxetik ekarritako jakiez gain, bertan prestaturikoak ere eskuragarri izango dira.

Txosnei dagokienez, Alondiga plazan izango dira, eta euren egitarau propioa izango dute, sekula baino kontzertu gehiagorekin.

Aldaketak ere izango dira, eta Astelenitan egin ohi den zezen suzkoa Ostegun Gizenean izango da aurten, 19:30ean, Ero Etxe Elkartearen eskutik. Gainera, herriko kaleak are gehiago girotze aldera, Tolosa & Co merkatari elkarteko dendariek erakusleihoetako oholak kolorez jantziko dituzte.

Egitaraua

Hilak 26, larunbata

11:00etan. Erraldoi eta buruhandiak. Irteera Plaza Zaharretik.

12:00etan. ‘Tolosa kantari’ kantujiraren hasiera, Maria Luisa Agirre doktorearen plazatxoan.

15:00etan. Haurren txantxo lehiaketa Zentro Sozio-kulturalean.

16:00etan. Aiz-Orratz elkarteko txaranga irtengo da elkartetik.

16:30ean. Haur Jaialdia, Aiz-Orratz Elkarteak antolatuta, Leidor aretoan. Jaialdian Txantxo Lehiaketako irabazleen berri emango da.

19:00etan. Kaldereroen Konpartsa aterako da Plaza Zaharretik.

23:30ean. Incansables txaranga kalez kale, Ezpeleta elkartearen babesarekin.

Hilak 27, igandea

12:15ean. Inauterietako kontzertua: Tolosako Musika Banda eta Udal Txistulari Banda Berdura plazan.

Martxoak 3, Ostegun Gizena

09:13an. ‘Etxe-berri’ko oinordekoen Udal Bandoa.

11:30ean. Udal Txistulari Bandak Inauterietako Zortzikoa joz egingo du ohiturazko ibilbidea.

11:45ean. Kabi-Alai elkarteko korporazioaren pregoia.

12:00etan. Plaza Zaharrean, suziria jaien hasiera iragartzeko.

12:00etan. Pintxana eta Kabi-Alai txarangen irteera, Aroztegieta kaletik.

16:30ean. Zezen Plazan xexen-festa, Pintxana eta Kabi-Alai txarangek alaitua. Ondoren, kalejira.

19:30ean. Iturritxiki plazatik zezen suzkoa irtengo da. Antolatzailea Ero Etxe Elkartea.

23:00etan. Aurrera Kirol Elkartearen danborrada.

Martxoak 4, Ostiral Mehea

11:30ean. Ozenki Txistulari taldearen kalejira.

16:30ean. Zezen plazan xexen-festa, Kabi-Alai txarangak alaituta. Ondoren, kalejira.

20:30ean. Ostiral Mehe eguneko danborrada.

22:45ean. Arpegi Taldeak antolatuta, Ostiral Mehe eguneko jaialdia Leidor aretoan.

Martxoak 5, Zaldunita Bezpera

11:00etan. Erraldoi eta buruhandiak. Irteera Plaza Zaharretik.

11:30ean eta 17:00etan. Kabi-Alai elkarteko txarangaren irteera.

11:45ean. Dantzari txikien kalejira abiatuko da Trianguloatik.

17:00etan. Haur Danborrada aterako da Geltoki kaletik.

19:00etan. Tolosako Danborradaren irteera Trianguloatik.

23:30ean. Iraunkorrak eta Oriako txarangak kalez kale.

23:30ean. The Wailers taldearen kontzertua Euskal Herria plazan, ostalaritza eta Gaztea Irratiaren babesarekin.

Martxoak 6, Zaldunita

08:00etan. Diana, Tolosako Musika Bandarekin.

08:45ean. Herriko txistulari bandak ohiturazko ibilbidea eginez, Inauterietako Zortzikoa joko du.

10:00etan. Txarangen irteera.

11:00etan. Plaza Berrian sokamuturra Alcoyano txarangak alaituta.

11:00etan. Karroza eta konpartsen irteera.

15:45ean. Udal Txistulari Bandak Idiarena pieza joz egingo du ohiturazko ibilbidea.

16:00etan. Kalejira Aiz Orratz, Txapel Haundi eta Sukalde txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen plazaraino.

16:30ean. Zezenak Zezen plazan; txarangak eta txistulariak ariko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.

19:00etan. Dantzaldia Berdura Plazan Aiz Orratz, Txapel Haundi eta Sukalde txarangekin.

23:30ean. Jones Brothers eta Oriako txarangak kalez kale.

Martxoak 7, Astelenita

09:00etan. Txarangen irteera.

11:00etan. Plaza Berrian sokamuturra Arco Iris txarangak alaituta.

11:00etan. Karroza eta konpartsen irteera.

16:00etan. Kalejira, Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen plazara.

16:30ean. Zezenak Zezen plazan; txarangak ariko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.

19:00etan. Dantzaldia Berdura plazan Tolosano, Poca Tripa eta Arco Iris txarangekin.

23:30ean. Bonberenea eta Incansables txarangak kalez kale.

23:30ean. Keiran eta Gatibu, Plaza Berrian. Ezpeleta elkartearen eta Gaztea Irratiaren babesarekin.

Martxoak 8, Asteartita

06:00etan. Udal Txistulari Bandak Alborada joko du udaletxeko arkupean, Berdura plazan eta Felipe Gorriti plazan.

08:00etan. Pattar zezena Zezen plazan. Ondoren, kalejira.

11:00etan. Plaza Berrian sokamuturra Kabi-Alai txarangak alaituta.

11:00etan. Karroza eta konpartsen irteera.

15:45ean. Herriko Txistulari Bandak, ohiturazko ibilbidea eginez, Idiarena pieza joko du.

16:00etan. Kalejira Kabila, Urdiña Txiki eta San Esteban txarangekin, Plaza Zaharretik Zezen plazara.

16:30ean. Zezenak Zezen plazan; txarangak eta txistulariak ariko dira ikuskizuna alaitzen. Ondoren, kalejira.

19:00etan. Dantzaldia Berdura plazan Kabila, Urdiña Txiki eta San Esteban txarangekin.

23:30ean. Incansables Zaharrak eta Jainekin txarangen irteera.

23:30ean. Sardinaren hileta konpartsaren irteera Gure Txokoa elkartetik.

Martxoak 13, Piñata igandea

Poca Tripa txaranga eta Txilaba elkartearen konpartsa Iurreamendi Egoitzara joango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!