Ekozinemaldia Tolosara iritsiko da aurten

tolosa 2011ko otsailaren 16a

Ekologistak Martxan erakundeak bosgarrenez antolatuko du aurten Ekozinemaldia. Euskal Herriko herri desberdinetan eskainiko dituzte filmeen proiekzioak, eta horietako bat Tolosan izango da, Amarozko Auzoetxen, datorren otsailaren 22an, 19:30ean.

Elkarte honetan Euskal Herriko ingurumen-arazoei begiratzeko modu bat lantzen dute, herri-ekologismoaren bidetik. Euren ustez ingurumena kaltetzen duten jardueren aurkako sentsiblizazio kanpainak nahiz salaketa publikoak burutzen dituzte, eta Ekozinemaldia da urtean zehar egiten dituzten ekimenetariko bat. Aurtengoa otsaileko azken astean izango da, hilaren 17a eta 25a bitartean, eta Donostia, Bilbo, Basauri, Iruñea, Lizarra, Lasarte, Orereta, Usurbil, Barakaldo, Muskiz, Leioa, Irun eta Tolosa izango dira pelikulen agertoki. Hain zuzen ere aurtengo berrikuntzarik nabarmenena izango da agertoki kopuruarena. 13 herri hauetako batzuetan filme bat bakarrik proiektatuko dute, eta hauxe izango da Tolosaren kasua.

Zor ekologikoaren inguruan

Ekozinemaldian eskainiko diren filmak zor ekologikoari buruzko munduko pelikulen artetik aukeraturikoak izango dira.

Osvaldo Bayer gidoilariaren Awka Liwen filma aipagarritzat jo dute antolatzaileek. Argentinako lurren lapurreta eta hondamendiaz dihardu du pelikulak, eta baita konkista eta ondorengo independentzia garaiko herrien aurkako genozidioaz ere.

Amarozko Auzoetxen, berriz, El poder de la comunidad. Como Cuba sobrevivio al pico del petroleo filmaz gozatu ahal izango dute bertaratuek. 1990an Sobietar Batasuna gelditu zenean Kubako ekonomiak lurra jo zuen: petrolio nahiz elikagaien inportazioa asko jeitsi zen. Kuba izan da erregai fosilen erabateko murrizpenei aurre egin dien herri bakarra, eta dokumental honetan garai hartan kubatarren bizi izan zituzten zailtasun eta etsipen egoerak ikusgai izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!