Tolosako Udalak Uzturre asistentzia zentroan adineko autonomoentzako egindako balioanizduneko apartamentuak esleitzeko oinarriak onartu zituen urtarrilaren 23an. Interesatuek martxoaren 4a bitarte, eskaerak aurkezteko aukera izango dute.
21 apartamentu eskaintzen dira, guztira 30 plazekin. Etxebizitzak Gerontologiko berriaren ondoan aurkitzen dira, baina oraindik amaitu gabe. Hala eta guztiz ere, martxoaren amaierarako eginak egotea espero dute Tolosako Udaletik.
Bete beharreko baldintzak
Apartamentu bat lortu nahi duenak, hasteko, eskaera egitean 65 urte beteta izan beharko ditu. «Hala ere, irizpide honek salbuespenak izan ditzake, eskatzailearen egoera kontuan hartuta eta baliabidearen beharra frogatzen bada, agiri teknikoekin», azaldu dute udaletik.
Bestetik, pertsona autonomoa izatea «ezinbestekoa» da, edo lehen graduko mendekotasuna izatea, Mendekotasun Balorazio Baremoaren arabera.
Horrez gain, baldintzen artean, ondorengoak aipatu dituzte: «Etengabeko asistentziarik ez behar izatea osasun erakundeetan, edota osasun publikoko neurriak hartzea. Ezinbestekoa da ere, interesatuek inolako arazo psikikorik ez edukitzea, ez eta, elkarbizitza arazorik sor lezakeen jokabiderik ere».
Izena ematen dutenek, Tolosan erroldatuta egon beharko dute azken bost urteetan, etenik gabe, edo 10 urte azken 15 urteetan. Azken kasu honetan, urtebeteko antzinatasuna izan beharko dute eskaera egiteko garaian. Baldintza hau betetzen ez dituenak baina herriarekin lotura pertsonala edo familiarra duela azaltzen duenak, aukera izango dute apartamenturen bat lortzeko, beti ere, egoera hori Gizarte Zerbitzuek baloratuko lukete.
Eskatzaileen ekonomia
Apartamentu bat errentan hartzeko, urteko sarrera gordinek, eskaeraren aurreko urtea erreferentzia bezala hartuta, ezingo du IPREMen %325a gainditu, eskatzailea pertsona bakarra denean, edo IPREMen %450a, bi pertsonako elkarbizitza unitate bat denean.
Bestalde, eskatzailearen ondasunen zenbatekoak, ohiko etxebizitza alde batera utzita, ezin ditu gainditu 180.000.000 euro, gela eskubideko apartamentu bat eskatzen denean. Gehienezko kopurua berriz, 100.000.000 eurokoa izango da, errentako apartamentu bat eskatzen denean. Bi pertsona direnean berriz, aipatutako kopurua bider bi egin behar da.
Azkenik aipatu, apartamentu baten adjudikaziodunak etxebizitza bat baldin badauka jabetzan, jabetza soilean, azalera edo gozamen eskubidearekin, konpromisoa hartuko duela sei hilabeteko epean, adjudikazioa formalizatzen denetik, aipatu etxebizitza salgai jartzeko, errentan edo zesioan uzteko. Izan ere, etxebizitzak ohiko bizitoki bezala geratu behar du. Baldintzak bete eta eskaera egin nahi duenak, Tolosako udaletxean eta honen webgunean eskuratu daitekeen eskaera eredua bete beharko du. Ondoren, hau udaletxeko Sarrera Erregistroan aurkeztu beharko du, edota Postetxera eraman. Lehen aipatu bezala, martxoaren 4an amaituko da eskaerak egiteko epea.
Eskaeren balorazioa Tolosako Udaleko Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Departamentuko pertsonak teknikoak egingo du. Gero, apartamentuen adjudikazioa egiteko, bi apartamentu modalitateak zerrenda desberdinetan adjudikatuko dira, erabakitako baremoa aplikatuz.