Datorren asteburuan Viana de Cega-ko (Valladolid) kultur-talde batek bisitatuko du Tolosa. Udaberri Dantza Taldearekin batera, emanaldia eskainiko du ‘Asociación de Folklore La Rotonda’ taldeak.
Duela bi urte hasi zen bi dantza taldeen arteko harremana, eta elkartruke bat egiteko ideia sortu zitziaen. Horrela bada, Udaberrik Viana de Cega herrira bidaia egin zuen pasa den uztailean. Asteburu-pasa hartan euskal dantza eta musika tradizionala erakusteko aukera izan zuten tolosarrek, eta baita emanaldi berean parte hartu zuten Caceres eta Valladolideko dantza, jantzi eta musikak ezagutzekoa ere. La Rotonda folklore elkarteak eta Udaberri talde tolosarrak badute antzekotasunik, biek urte luzeetako ibilbidea baitute atzean. Gainera, bi taldeek estatu mailako folklore jaialdirik garrantzitsuenetan parte hartu izan dute beren eskualdeko ordezkari gisa.
Asteburu osorako bisita
Viana de Cegako taldea larunbat goizean iritsiko da Tolosara, eta bazkalordura bitartean Udaberriko kideekin herriko txokorik esanguratsuenak ezagutuko dituzte. Ondoren bi taldeek elkarrekin bazkalduko dute Lizardi elkartean.
Arratsaldeko 18:00etan emanaldiari hasiera emango zaio Berdura Plazan, eta Valladolideko nahiz Euskal Herriko dantzez gozatu ahal izango dute bertaratzen direnek. Igande arratsaldean, bazkalondoren, etxerako bidaia egingo dute La Rotonda taldekoek.