Tolosako udalak estilo aldaketa bat behar duela dio ezker abertzaleak

tolosa 2011ko otsailaren 8a

Joan den larunbatean Tolosako ezker abertzaleak prentsaurrekoa eskaini zuen udaletxeko pleno aretoan, maiatzean egigo diren udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko direla jakitera emateko, eta «bide horretan herri programa egiteko prozesuari  hasiera» emango diotelako. Herri programa horren baitan, ezker abertzaleak hainbat ekimen burutuko ditu, eta zenbait tresna jarri nahi ditu herritarren eskura, «hauen beharretan oinarrituriko herri programa jasotzeko».

Azken zortzi urte hauetan ezker abertzalea «udal politikatik baztertuta mantendu» dutela nabarmendu zuten, eta denbora tarte honetan politika eta administrazioko zenbait esparrutan «udal jarduerak nabarmenki okerrera egin» duela ere bai. Honen aurrean, ezker abertzalea «ilusioz eta kemenez gainezka» aurkeztuko da datozen hauteskundeetara.

«Aldaketa beharrezkoa da»

Ezker abertzaleko kideen esanetan, «azken urte hauetan garbi geratu da Tolosako Udalean beharrezkoa dela aldaketa». Azken bi legealdietan estilo pertsonalista eta autoritarioa nagusitu dela diote, eta horri erantzuteko «estilo berri bat» proposatuko dute udalerako, «eduki nahiz gestio estiloan freskotasuna eta berritasuna» ekarri asmoz.

Ildo honi jarraituz, «ezker abertzaleko kide diren gizon-emakumeek interes pertsonalengatik ez» dutela parte hartuko adierazi zuten, «soldata ederrak» jasotzea eta politika profesionalean jardutea euren jomugetatik baztertuz.

Gatazka politikoa gainditzera

Proposamen berrian ezker abertzaleak gatazka politikoa konpontzea , aldaketa sozio-politikoa sortzea eta herritarren ongizatea bermatzea ildo nagusi izango dituela baieztatu zuten. Lan horretan «herritarren ahotsa jaso ahal izateko bitartekoak jarriz».

Ekimen hau bideratzeko, datozen bi hilabeteotan Tolosako ezker abertzaleak arloz arloko proposamenak jasoko dituela jakinarazi zuen prentsaurrekoan, horretarako bide desberdinak erabiliz: etxez etxeko inkesta zabalduko dute ondoren buzoien bidez iradokizunaketa proposamenak jasotzeko, eta herri programaren bloga eta helbide elektronikoa ere zabalduko dituzte, eztabaida-gune izango diren mintegiak antolatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!