Aroztegieta kalean lau etxebizitza zozketatuko dituzte bihar 19:30ean

Ataria 2011ko otsailaren 9a

Aroztegieta kaleko 4. zenbakian dauden lau etxebizitza zozketatuko dira bihar, hilak 10, udaletxeko Areto Nagusian. «Urtarrilaren 31n Alkate Dekretuz eman zitzaion oniritzia adjudikaziorako onartu eta baztertuen behin betiko zerrendari», azaldu dute Tolosako Udaletik.

Hala, honen arabera, 21 lagunek izango dute parte hartzeko aukera. Zozketa 19:30ean hasiko da.

Zozketa sistema

Fede emaile publikoaren aurrean egingo den zozketan 21 eskatzailek hartuko dute parte, eta bi zaku erabiliko dira hau gauzatzeko. Lehenengoan, eskatzaileen zenbakiak sartuko dira eta bigarrengoan, lau etxebizitzei dagozkien bolatxoak.

Eskatzaileen zakutik bolatxo bat aterako da eta etxebizitzen zakutik beste bat. Horrela, eskatzaileen zakutik ateratako lehen lau bolatxoen jabeei etxebizitza bat egokituko zaie. Gainontzeko eskatzaileak banaka banaka aterako dira, itxaron zerrenda osatuko ahal izateko.

Behin zozketa eginda, udalak  esleipendunen baldintzak aztertuko ditu. Horietakoren batek, ez balitu baldintzak beteko, etxebizitza erreserba zerrendako hurrengo eskatzaileari esleituko zaio.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!