Transbertsalitatea hitz potoloa da, azken boladan hitzetik hortzera ibili dena. Tolosako Udalak, duela urtebete, edukiz betetzeko ahalegina egin zuen, Tls bat sortuz. Euskadi mailan egin den «lehen saiakera» honekin, gustura agertu ziren udal ordezkariak herenegun, lehen urtearen balantzea egiterako unean.
Esperientzia berri honek izena Tls bat baldin badu, abizenak, transbertsalitateaz gain, hamaika ditu: hartu-emana, parte hartzea, harremanak eta komunikazioa hobetzea,... Tls bat departamentuak finean, udaleko bost sailen arteko lotura lanak egiten ditu. Urtebeteko bizia duen departamentuaren lehendakaria Jokin Bildarratz alkatea da. Bost sailak berriz, hauek dira: Berdintasuna, Partaidetza; Kultura; Gazteria eta Jaiak.
Tls bat-en balantzea egiterako unean, alkateak arduradun politiko eta teknikari guztien arteko «giro ona» azpimarratu zuen, departamentuaren balioa aldarrikatzearekin batera.
Sail bakoitzaren balantzea
Berdintasun Saileko arduradun politikoak, Onintza Lasak, azken urtearen errepasoa egin zuen: «80 emakume berri erakarri ditugu aurten ikastaro, denbora bankua eta garatutako ekintza desberdinekin». 2012 Tls bat departamentu osoaren aurrekontuak, genero perspektiba izango duela ere aipatu zuen Lasak.
Aurrera begira aldiz, Andere Nahiaren eredua aldarrikatu zuen: «Enpresa txikiak dituzten emakumeek osatzen dute taldea. Elkarri lagunduz ateratzen dituzte aurrera beraien enpresa eta bizitzak. Helburua Andere Nahia Tolosan sortzea izango litzateke».
Yurre Peñagarikanoren esanetan, herritarren parte hartzeak udal baten gestioa indartu egiten du. Partaidetza Saileko zinegotziak, azken urte honetan, Amarozko Parte Hartzen, Garbiketa ordenantza eta San Esteban auzoko Parte Hartuz ekimenak aipatu zituen, besteak beste.
Kultura eta Jaiak sailak Andoni Iturzaetaren ardurapean aurkitzen dira. Zinegotziak erakusketa, liburutegi edo zine emanaldien inguruko hausnarketa plazaratu zuen. Datuekin oro har «gustura» agertu zen Iturzaeta.
Azkenik, Joselu Anduezak hitz egin zuen, Gazteria Saileko zinegotziak. Bere esanetan, 2010. urtean gazteengana gerturatzea lortu dute. Gazteak izan dira gainera, Anduezaren ikuspuntutik, zer nahi zuten erabaki dutenak. Horren adibide bezala, Gabonetako programazioa, Disko Jaiak, Gazte lokalak edo Amarozko entsegu lokalak aipatu zituen. Azkenik, gazteen parte hartzearen ondorioz egingo den Skate Park-a laster inauguratuko dela azaldu zuen Gazteria Saileko arduradunak.