Tolosako erdigunean bi etxebizitza enkantera atera dira. Salmenta enkante publiko bidez burutuko da, eta trukean jasotako dirua Voith Gorostidi eremuko lehenengo lursaileko bost etxebizitzen zenbatekoa ordaintzeko erabiliko du udalak. Babes ofizialeko etxebizitza hauek larrialdietarako, beharra dutenei ostatu emateko eta beste hainbat gizarte gaietarako erabiliko ditu Tolosako Udalak.
Enkantera aterako diren bi etxebizitzetako bat Inpernu Kaleko lehendabiziko zenbakiko lehenengo solairuan dago, eta udalaren esku dago etxe honen kudeaketa. Bestea berriz, Plaza Berriko lehendabiziko zenbakian dago, hau ere lehenengo solairuan, eta Erretengibel S.A.-k kudeatuko du.
Etxebizitzen ezaugarriak
Inpernu kaleko etxebizitzak 52,18 metro karratuko azalera du, eta sukaldea, egongela, bi logela eta bainugela ditu. Etxebizitza honen enkantean parte hartu nahi duen orok otsailaren 18a baino lehen aurkeztu beharko du proposamen ekonomiko bat. Eskaintza bi kartazal itxitan egin beharko da: lehenengoan administraziorako beharrezkoa den dokumentazio guztia aurkeztu beharko da, eta bigarrenean, berriz, proposamen ekonomikoa; bi gutunazalak udaletxean utzi beharko dira. Aipatzekoa da, enkantera ateratzeko hasierako prezioa 175 000 eurotakoa dela.
Plaza Berriko etxebizitzari dagokionez, 65,50 metro karratuko azalera du. Sukaldea, jangela, egongela, bi logela, bainugela eta 14 metro karratuko trastelekua ditu. Etxebizitza erosteko interesa duten guztiek 30 egun dituzte eskaintza burutzeko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean berria argitaratzen den unetik aurrera. Hemen, ere, eskaintza bi kartazaletan egin beharko da. Hasierako prezioa 210 000eurotakoa izango da kasu honetan.
Azkenik, enkantean parte hartzeko asmoa duen edonork etxebizitzetako bat barnealdetik ikusi nahi izanez gero, 943 69 74 91 telefonora deitu eta aukera izango du otsailaren 18a bitarte.