Tolosako Zuloaga auzoan irisgarritasun baldintzak hobetzeko helburuz igogailua eraiki da eta gaur inauguratu dute. Ekitaldian auzokide ugari eta hainbat udal ordezkari izan dira. Zinta mozketa bizilagunek eta Jokin Bildarratz alkateak egin dute. Ondoren, auzokideek prestatutako hamaiketakoa hartu dute.
Azpiegitura berri horrek auzoko puntu baxuenetik altuen dagoen mailara joatea ahalbidetzen du. Igogailua panoramikoa da, Thyssen etxekoa, zortzi pertsonarentzako lekua du eta gehienez 630 kilogramoko pisua onartzen du. Metalezko egitura du, eta segurtasuna bermatzeko helburuz, beirazkoa da. Era berean, igogailuaren zonaldea era egokian argiztatzea ere kontuan hartu da, beharrezko argiteria erabili delarik.
Beheko puntutik maila altuenera igotzean pasabide bat eraiki da etxebizitzetara iritsi ahal izateko. Kasu honetan ere, segurtasuna hartu da kontuan, eta horretarako egurrezko materiala erabili da, labainkortasuna ahalik eta txikiena izateko helburuarekin.
Hobekuntza gehiago auzoan
Igogailua eraikitzearekin batera, beste hainbat hobekuntza ere egin dira auzoan. Batetik, bizilagunen eskaerei erantzunez, maila altuenean dauden etxebizitzetara iristeko, eskailera zati berri bat erantsi da. Bestetik, Zuloagako etxebizitzetara iristeko igaro behar den tunelean espaloia jarri da oinezkoentzako. Modu honetan, lehen zegoen hutsunea betetzeaz gain, aldaparen malda murriztea ere lortu da. Izan ere, malda jarraia du orain aldapak, irisgarritasun baldintzak betetzen dituelarik. Espaloi honi esker, ibilgailuen eta oinezkoen edota gurpildun aulkien joan-etorria bereizi da.
Proiektuaren kostua 315.609 eurokoa izan da. Otegi Gaztañaga SL eraikuntza enpresa izan da lanen arduraduna. Ekonomia eta Enplegua Sustatzeko Estatu Planaren baitan kokatzen da proiektua.