«Gainditu dudan erronka moduko bat izan da eleberria»

Iñigo Terradillos 2011ko urtarrilaren 20a

Ordu bietan Frontoian (Alberdania, 2010) eleberria idatzi du Jokin Ansorenak (Donostia, 1963). Donostiarra jaiotzez, azken 21 urteak Tolosako Udaleko kultur teknikari bezala aritu da lanean.  Hain zuzen ere, kultur teknikari bat da bere eleberriko protagonista, eta neurri batean, Tolosan girotua dagoela esan daiteke. Duela bi hilabete ikusi zuen argia bere lehen eleberria denak, eta «oso gustura» dago herritarren artean izan duen harrerarekin.

Zure estreinako eleberria da, baina ez lehendabiziko liburua, ezta?

18 urte nituela poesia liburutxo bat egin nuen, Poemak (Ustela saila, 1981) izenekoa. Baina ordutik ez dut libururik egin. Hau beste kontu bat dela esan daiteke. Idatzi dudan lehenengo liburu mardula da, lehen eleberria.

Pasa den urteko lanuztea baliatu zenuen liburua egiteko.

Bai, baina, ez nuen lana horregatik utzi, gerora hartu nuen idazteko erabakia. Tarte horretan aukera ugari nituen. Ezer ez egitea zen aukeretako bat, baina zerbait egin behar nuela pentsatu nuen. Eta, azkenean, nik ondoen egiten dudala uste dudana egitea erabaki nuen, hau da, fikziozko zerbait, nobela bat. Horretarako, nire buruari hiru baldintza jarri nizkion: bata, egunero lan egiteko konpromisoa hartzea zen; bigarrena lana hasi eta bukatzea; eta hirugarrena, egiten nuen hori neure buruarekin soilik kontrastatzea. Gainera, oso kondizio egokiak aurkitu ditut lan hau egin behar den bezala egiteko. Hau da, disziplinaz aritu naiz, eta aldi berean, patxadaz. Hori oso inportantea da horrelako zerbait egin ahal izateko.

Autobiografitik zerbait izan dezakeela nabarmena da, protagonista kultur teknikari bat dela kontuan hartuta.

Neurri batean bai. Liburua irakurri duten askok esan didate kosta egiten zaiela ni ez ikustea bertan, nahiz eta protagonistak nire izena ez izan. Hala ere, portzentaiarik handiena asmatua da, baina, hori bai, sustraiak eta oinarria neure eguneroko errealitatean ditu. Neure errealitate horretan ere badago beste izen batekin ageri den kosmos txiki bat Tolosa izan daitekeena. Nire bizitzako esperientziak zerikusia izan du ezinbestean nobela honetan asmatu dudanarekin. Fikzioa da, asmatua da, baina nire errealitatean oinarritua.

Zergatik jarri diozu  ‘Ordu bietan Frontoian’ izenburua?

Behin eta berriro gertatzen da eleberrian hitzordua egiten dela Tolosako Fronton jatetxean 14:00etan. Nire lagun handia den Roberto Ruizen jatetxean. Iradokigarria iruditu zitzaidan hori izenburu bezala jartzea, jakin-mina sor baitezake jendearen artean. Eleberrian, gainera, badaude pertsonaia batzuk euren benetako izenarekin agertzen direnak, eta horietako bat da Roberto bera. Tolosakoa ez izanagatik erraz eta interesez irakurtzen du jendeak, baina Tolosakoa izanik, beharbada, errazago irakurtzen da, eta interes handiagoa pizten du.

Eleberria hainbat istorioz osatua dago.

Txirikordatutako istorioak dira. Ez dago istorio bakarra, lau edo bost ardatz daude, guztiak elkarren artean lotuak. Nobela erromantikoa da, gastronomikoa, historikoa, politikoa. Oso erraz irakurri daitekeen liburua da. Horrek ez dio balioa kentzen, baizik eta erantsi egiten diola uste dut. Jendeak oso erraz irakurri duela esan dit, eta horrek poza ematen dit.

Liburuaren inguruan jasotako iritziak nolakoak izan dira?

Harrera dezentea izaten ari da, beraz gustura nago. Kontentu nago iritsi zaizkidan kritikekin, baina izango dira gustatu ez zaienak ere. Egin nahi nuen zerbait zen, eta niretzako erronka moduko bat ere izan dela esan daiteke, eta proba hori gainditu dut.

Lehen esperientzia gaindituta bigarrenaren bila joan behar.

Hori denborak esango du. Nire gaur egungo lan egoerak ez dit aukera handiegirik ematen liburu bat idazteko, denbora libre gutxi geratzen zaidalako. Baina, egia esan, sasoian sentitzen naiz horrelako beste zerbait egiteko. Noiz ez dakit, baina ziur beste zerbait sortuko dudala. Oso sentsazio onekin geratu naiz nobela honekin, nire buruarekin batez ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!