Andoni Iturzaeta Kultur zinegotziak eta Jokin Ansorena kultur teknikariak Tolosan zer? neguko kultur egitaraua aurkeztu dute. Aurtengo aurrekontuak izoztuta geratu direnez, «zailtasunak» izan dituzte programa nahi bezala antolatzeko, baina, hala ere, azkenean «uste baino egitarau zabalagoa» eskaintzeko moduan izan dira.
«Oreka» egitarauan
Antolatzaileek neguko kultur programaren oreka azpimarratu nahi izan dute: adin guztientzat zuzenduak diren ikuskizunak izango dira, eta arte eta kultur adierazpen desberdinez gozatu ahal izango du ikuslegoak. Aipaturiko oreka hori ere nabaria da ekitaldien ekoizpenari begira, bertako nahiz kanpoko produkzioak izango baitira oholtza gainean. Genero berdintasunari ere begiratu zaio, eta gizon eta emakumeen protagonismoa bera ere kultur eskaintza honetan orekatua izango dela nabarmendu dute
Alde batetik, «sona handiko artistak» Tolosara etor daitezen saiatu dira, eta aurtengoan ere aurrekontua dela eta Mundua Tolosan zikloa egitea ezinezkoa suertatu den arren, Bebe abeslaria eta Crimen perfecto antzezlaneko Jorge Sanz eta Elena Furiase bezalako aktoreak gurean izatea lortu dute.
Bestalde, tolosarrak partaide diren emanaldiak ere eskaini nahi izan dituzte (Atila y los Unos eta Izaro eta Elene abeslariak kasu) eta horrekin batera bertako eragileek antolaturiko ikuskizunak ere bai (Txolarreren Bertso Jaialdia, besteak beste).
Inauteriak iruditan
2011ko neguko kultur eskaintzaren baitako erakusketen artean, Andoni Iturzaeta zinegotziak bereziki azpimarratu du Jeiki jeiki! argazki erakusketa. Tolosako Udaleko bi sail elkarlanean aritu dira honetarako, eta aspaldiko garaietatik gaurdainoko bidaia bat egin ahal izango dute bisitariek, Tolosako Inauterietako argazkien bidez. Datorren urtarrilaren 21ean, ostirala, erakusketaren aurkezpena izango da, 18:30ean.
Sarrerak, gaurtik aurrera eskuragarri
Ikuskizun guztietarako sarrerak gaurtik aurrera salgai izango dira, eta Eusko Jaurlaritzako
Kultur Bonuarekin ere eskuratu ahal izango dira, hilaren 21era bitarte.
EKITALDIAK
Urtarrila
Baginaren bakarrizketak. Etzi, 20:30ean, Leidorren. 1996an estreinatu zen New Yorken. Pertsonaien adin, jarrera eta aldarteak desberdinak dira, baina denak daude lotuta baginarekin, sexualitateagatik, orgasmoagatik, biolazioagatik... Txalok ekoiztu du euskarazko lana, eta Aitziber Garmendia eta Ainhoa Garai aktoreek taularatuko dute. 10 euro.
Zuretzat gurekin... Javi. Etzi, 23:00etan, Fronton kafetegian. Zuzeneko DVDa aurkeztu berri dute, eta orain kontzertua emango dute, eurena zuzenekoak egitea baita. Doan.
Bertso jaialdia. Urtarrilaren 22an, 18:00etan, Leidorren. Txolarre irratiak antolatutako saioa. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Aitor Mendiluze, Arkaitz Estiballes eta Jon Maia ariko dira bertsotan. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Agirre ariko da. 10 euro.
Mintzo. Urtarrilaren 28an, 20:30ean, Leidor aretoan. Dantzaz konpainiaren lana da. Mintzairei, komunikazioari eta inkomunikazioari buruz eta hizkuntzak baino hobe adierazten duen gorputzaren inguruan ari da. 10 euro.
Viaje a la Poligonia. Urtarrilaren 29an, 18:00etan, Topic-en. Magiaz betetako mundua da, forma hartu eta galtzen duten poligonoz josia. Bidaia honetan Karratu falta zaion aldea bilatzen saiatuko da. Theatre de deux mains taldearen lana da. Helduek 7 euro, eta haurrek 4.
Otsaila
Echale guindas. Otsailaren 4an, 20:30ean, Leidorren. Orain dela lau urte sortu zen La guinda poesia eta flamenkoa uztartzen dituen konpainia. David Colomo gitarra-jotzaile tolosarra dago tartean. 10 euro.
Robot maitea. Otsailaren 5ean, 18:00etan, Topic-en. Bi izaki bereziren gorabeherak kontatzen dira. Pozarren bizi dira, baina, halako batean, batek matxura izango du. 5 euro.
p‘Solstizio’. Otsailaren 11n, 20:30ean, Leidorren. Luar na Lubre 1985. urtean sortutako galiziar folk musika taldea da. Disko berrian euren esentziak eta soinu akustikoak eta lirikoak berreskuratu dituzte. 18 euro.
Batuta. Otsailaren 12an, 18:00etan, Topic-en. Taun Taun taldearen lan honetan geltoki bat irudikatzen dute. Iristen den tren bat, jendea eta maletak alde batetik bestera, berriro irteten den trena... Helduek 7 euro, eta haurrek 4 euro.
No me hagas daño. Otsailaren 18an, 20:30ean, Leidorren. Tanttaka taldearen antzezlan honetan begiradez ari da. Pertsonaiez, kalean edo telebistan entzundako esaldiez. 10 euro.
Martxoa
Bebe. Martxoaren 11n, 20:30ean, Leidorren. Extremadurako musikariaren disko berria Tolosan izango da, estreinakoz Euskal Herrian. 30 euro.
Crimen perfecto. Martxoaren 18an, 20:30ean, Leidorren. Txalo produkzioen lana. Tony Wendicek Margot emaztea hil nahi du bere dirua eskuratzeko. Planak huts egingo dio, eta emaztea da hiltzailea akabatuko duena. Elena Furiase eta Jorge Sanz dira aktoreak. 20 euro.
Paperezko istorioa. Martxoaren 19an, 18:00etan, Topic-en. Behi Bi’s taldearen lana. Luziak denetarik du, baina bakarrik sentitzen da. Horregatik, Tronpi txakurra oparituko diote. Helduek 7 euro eta haurrek 4 euro.
Ongi etorri, Pupu eta Lore. Martxoaren 26an, 16:30ean, Leidorren. Pirritx, Porrotx eta Marimotos-en azken abentura. Pupu eta Lore Pirritxen ume bikiak nola hezten dituzten erakutsiko dute. Bi saio. 6 euro.
La tierra y el universo. Martxoaren 26an, 20:00etan, Topic-en. Irango Yase Tamam taldearen lana. Zazpi ipuinen gainean sortutako aktore eta txotxongilo lana. 7 euro.
Apirila
Batera live. Apirilaren 1ean, 20:30ean, Leidorren. Izaro Saizar eta Elene Arandia ETBko Bi Gira saioko txapeldunek eskainiko dute zuzenekoa. 10 euro.
Biribilketan. Apirilaren 8an, 20:30ean, Topic-en. Koldo Ameztoyrekin, Euskal Herriko eta beste lekuetako ipuin eta kontakizun herrikoiak. 10 euro.
Ari du. Apirilaren 15ean, 22:30ean, Leidorren. Villabonako Oinkari dantza taldearen ikuskizun berrian, dantza eta poesia uztartze dituzte. 10 euro.顖