Tolosan egiten den Urtezaharreko probak Elkartasun Krosa izena du, hain zuzen, bertan biltzen den dirua nazioarteko lankidetzara bideratzen delako. Egun Kolonbiako Campo Alegre komunitateak martxan duen Bibliomula proiektua diruz laguntzen da.
50 familiek osatzen dute komunitatea. Bi aldiz bizilekuz aldatu behar izan dute. Lehenengo aldiz indarkeriatik ihesi eta bigarrena Guabas ibaiak gainezka egin eta gero. Azken hondamendi horretan hildakoak ere izan ziren, tartean haurrak.
Kolonbiako Fundacion Vital elkartearen laguntzaz, familia horiek etxeak berregiten hasi ziren, oraingo honetan ingurumena kontuan hartuz. Etxe horien eraikuntzan lagundu zuten Koku-Yo euskal elkarteak eta harremanetan jarri zituen Tolosako Samaniego Ikastetxea eta komunitate horretako Guillermo Leon Valencia eskola. Samaniegoko Ingurumen Batzordeak egin zuen harremana Kolonbiako eskolarekin, hango etxe ekologikoak nola eraikitzen zituzten jarraipena eginez.
Bi eskolen harremana sendotu egin zen 2006an, senidetze hitzarmena sinatu baitzuten. Garai horretan Bibliomula proiektua abian jarri zen eta azken urteetan Elkartasun Krosetik bertara bideratu dute dirua, Koku-yo elkartetik.
Eskolari laguntzeko
Komunitatea mendian kokatuta dago eta bertara oinez edo zaldiz bakarrik joan daiteke. Lucia Arias eta Inma Esnaola Koku-Yo elkarteko kideek azaltzen dutenez, «eskolaren jardunari laguntzeko pentsatu zuten Bibliomula proiektua».
Egitasmoan mando bat liburutegi ibiltari bezala erabiltzen dute. Horrela, komunitatera liburuak eta bestelako eskola materiala eraman dezake. «Haurren hezkuntza bermatzea ez da erraza han bizi duten egoeran», diote Arias eta Esnaolak. «Irakasle egonkorrik ez dute izaten». Proiektuarekin eskolaratzearen garrantzia eta familien eta eskolaren arteko harremana sendotzea da helburuetako bat. Koku-Yo eta Samaniego ikastetxetik bultzatutako ekimenen bitartez, 10.000 euro bideratu dituzte proiekturako. Elkartasun Krosean parte-hartzaileen bidez jasotzen denaz gain, herriko zenbait dendek ere laguntzen dute. Bestalde, San Joan azokan Samaniego ikastetxeak postu bat jartzen du, liburuak salduz, eta bildutako dirua proiektura bideratzen dute.
Bibliomula egitasmoak hobekuntzak eragiten ari da komunitatearen hezkuntza garapenean. bestalde, liburuak emateaz gain, mandoak komunitatea bisitatu duen hainbatetan beste ekimen batzuk ere bultzatu dira, antzezlanak eta bestelako kultur eskaintzak, esaterako. Proiektua oihartzuna izaten ari da eta Kolonbiako hainbat unibertsitatetik jarraipena egiten ari dira.
Lur-jausiak
Baina Kolonbiatik ez dira albiste onak bakarrik iristen. Komunitateak azkenaldian une zailak bizi ditu abenduaren 3an lur-jausiak izan baitziren euriteengatik. Besteak beste, eskolan eragina izan zuen eta eraikinean pitzadurak azaldu dira. Bestalde, lau familien baratzetan eta etxeetan kalteak izan dituzte eta berez zaila den bizimodua okertu egin zaie. Biharko Elkartasun Krosean parte hartuz Campo Alegre komunitateari laguntzen jarraitzeko beste bultzada emango zaio.