‘Segi jotzen’ lan berria aurkeztuko du Poxpolo ta Konpainiak

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 23a

Poxpolo ta Konpainia lan berriarekin datoz. Segi jotzen du izena ikuskizun berriak, eta etzi izango da estreinaldia, Leidor aretoan, 12:00etan eta 17:00etan.

Poxpolo pailazoarekin (Iker Galarza) batera pertsonaia ugari igoko dira taula gainera, eta guztien artean, «emanaldi berezia» eskainiko dute. Sketch eta abesti berriez osatuko dute saioa, eta Gabon kutsua ere izango du hainbat unetan. «Udan eskaini genuen Segi jotzen emanaldia, baina, etzi Leidorren izango den saioa desberdina izango da, berrikuntza ugarirekin», azaltzen du Galarzak.

Gainera, etziko saioa bereziki Tolosarako egin dutela ere esan daiteke. «Denbora asko hartu dugu saio polita osatzeko, eta Leidorrerako propio prestatu ditugun sketch batzuk ere egongo dira, eta horiek bertan baino ezingo dira ikusi».

Jotzen jarraitzeko asmoz

Mokolo pailazoa (Iñaki Odriozola) hil zenean golpe handia izan zen taldearentzat. Horregatik, zalantzak izan zituzten taldearen etorkizunaren inguruan. Azkenean, ordea, antzezten, irribareak sortzen eta jotzen segitzea erabaki zuten. Hortik dator, hain zuzen ere euren lanik berrienaren izenburua.

Taula gainera igotzen jarraitzeko erabakia begi onez hartu dute Poxpolo ta Konpainiaren zaleek. Horren adierazle da emanaldiak izan duen arrakasta, izan ere, saio bakarra aurreikusi zuten, eguerdikoa, baina azkenean arratsaldean bigarrena jarrai beharra izan zuten. Lehen saiorako sarrerak segituan saldu ziren, eta bigarrenerako sarrera batzuk geratzen dira oraindik. «Oso polita da horrelako harrera beroa izatea, eta jarraitzaile finak eta maite gaituztenak ditugula sentitzea; gu emanaldi atseginak prestatzen saiatzen gara, eta jendea harrituta uzten, eta zaleek eskertzen dute egiten duguna, horregatik ez dugu inor saioa ikusi gabe gelditzerik nahi, eta bigarrena jarri dugu», azaltzen du Poxpolok.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!