Jokin Bildarratz Tolosako alkatea Aljeriako Tinduf hiriaren ondoan dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetan izan berri da. Bertan gauzatu asmo duten proiektua landu eta Tolosa anaituta dagoen Bir-Lehlu herriarekin harreman sendotzea izan dira bidaiaren helburu nagusiak. Herri «lasaia, alaia eta eredugarria» dela nabarmendu du.
Etorri berri zara saharar kanpalekuetan lau egun igarotzetik. Zein izan da bidaiaren helburua?
Laukote bat izan gara. Saharar kanpalekuetan gizarte zentro bat eraikitzea da asmoa. Zentro honek elkargune moduan jokatuko luke, eta garrantzitsua izango da gazteentzat nahiz helduentzat. Zentroarekin batera, pilotaleku bat ere egin nahi dugu. Uste dugu euskaldunontzat hain elementu garrantzitsua izan denak han ere funtzio egokia bete ahalko duela.
Zein fasetan dago proiektua?
Horretaz guztiaz hitz egiteko, lehen ministroarekin eta kultur ministroarekin bildu gara. Aurrera doala ideia esan dezakegu. Hori bai, gure asmoa behin-behineko proiektu bat izatea da. Izan ere, sahararrak egun zonalde hartan, errefuxiatuen kanpalekuetan, bizi dira, baina ez betirako. 35 urte igaro dituzte dagoeneko leku hartan, baina beraiek ez dute handik mugitzeko itxaropenik galtzen. Horregatik, diot aurreikusten dugun proiektua behin-behinekoa dela.
Tolosa anaituta dagoen herriko alkatearekin ere bildu zara.
Bai. Bir-lehlu herriko alkatearekin egoteko aukera ere izan dut. 1996. urtean sinatu zuen Tolosako Udalak herri horrekin anaitzeko hitzarmena, baina aplikatu gabe geratu zen, eta hori berriro martxan jarri nahi dugu. Horregatik, oraingo bisitan hitzarmen hori berretsi dugu. Gainera, datorren urteko urtarrilean bertako alkatea Tolosara etorriko da. Tolosaldea Sahararekin elkartearen eta Udalaren artean aztertuko dugu hitzarmen horretan sinatuta dagoena nola gauzatu.
Zeintzuk dira dituzten behar handienak?
Ur biltegiak dira, nagusiki, beraiek eskatzen dutena. Biltegi asko daude han, eta hondatuta eta erdoilduta daude. Ura bezalako oinarrizko elementu bat izanik, ur-horniketa egokiagoa izan dezaten nola lagundu dezakegun ari gara pentsatzen. Esaterako, urtero-urtero, biltegi horiek berritzen joatea izan daiteke aukeretako bat.
Azken asteetan izan diren liskarren ondoren, nolako egoera somatu duzu?
Bai lehen ministroarekin bai eta kultura ministroarekin egin genuen bileretan azaldu zigutenaren arabera, Marokorekin zuten harremana are eta gehiago desberdindu edo distantziatu da. Saharrek argi dute ez dutela marokoar izan nahi, eta Aaiunen izandako liskarrek hori gehiago azpimarratu dute. Era berean, itxaropentsu daude une honetan Marokoko gobernua eta Frente Polisarioa Estatu Batuetan izaten ari diren bilerekin.
Espero al zenuenarekin egin al duzu topo han?
Gogorra da beraiek bizi dutena. 35 urte daramatzate basamortuan. Gogorra da, batez ere, belaunaldi berrientzat. Izan ere, jende gazteak ez du euren lurra ezagutu ere egiten. Badute telebista, eta udan handik ateratzeko aukera dute, Euskal herrira, esaterako. Beraz, aldi berean beste errealitateak ere ezagutzen dituzte.
Basamortuan bizi duten errealitateari eustea da beraiek duten benetako erronka, jakinda, handik kanpora badagoela beste mundu bat. Hortaz, beraien egunerokoa borroka bat da. Bizi duten egoerari eustea, egun batean egoera aldatuko denaren itxaropenarekin. Hori oso gogorra da. Hori guztia kontuan hartuta, jende oso lasaia, alaia eta eredugarriarekin egin nuen topo.
Errealitateak bertatik bertara ezagutzea garrantzitsua izaten da.
Bai, oso garrantzitsua norbere begiez ikusi eta bizitzea horrelakoak. Horregatik, udaletxeko zinegotzi guztiek bertako errealitatea ezagutzea gustatuko litzaidake, eta saiatuko gara hori posible egiten. Horrela guztien artean aztertuko ditugu era egokiagoan dituzten beharrak, eta behar horiei egoki erantzun ahalko diegu. Garrantzitsua da sahararrei babesa ematen jarraitzea, batez ere, hainbat elementutan gurekin hainbeste antza dutela kontuan hartuta.