Voith-Gorostidi eremuko etxebizitza tasatuen lehen fasea amaitu dute. 152 etxebizitzen jabeei atzo hasi ziren giltzak banatzen, eta urtarrilean jabe guztiek izango dituzte. Datorren urteko abenduan amaituko dituzte gainerako etxebizitza tasatuak, eta babes ofizialekoak, berriz, 2011ko ekainean. Etxebizitzak ez ezik, ingurunean ere hainbat berrikuntza ari dira egiten. Hala, esaterako, errepide nagusia azpitik joango da «goikaldean espazioa irabazteko». Lekua handitu dute, baita ere, ermitaren ondoan, plaza berri bat sortu delarik. Jokin Bildarratz Tolosako alkateak 2005. urtean onartu zen proiektua «konplexua» izan dela dio. «Bertan enpresak eta etxebizitzak zeudelako, eta horiei lekua egin behar zitzaielako, eta aldi berean, babestutako etxebizitzak eraiki nahi genituelako». Halaber, proiektua onartu zen unetik prezioak ez direla igo nabarmendu du. Bestalde, ermitaren atzealdean etxebizitzak egitea aurreikusten dela ere gehitu du.