Merkataritza arloan euskararen erabilera neurtu, dauden hutsuneak aztertu eta horiek betetzeko hartu beharreko neurriak finkatu aldera, Lehen hitzetik Zerbitzua Euskaraz ekimena ari dira gauzatzen Tolosan. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskal Herri osoko hainbat txokotan abian jarri duen proiektuaren baitan kokatzen da, eta Tolosako Udaleko Euskara zerbitzua, Galtzaundi Euskara Taldea, Hirukide, Orixe eta Laskorain ikastetxeak eta Tolosa & Co merkatarien elkartea ari dira parte hartzen.
Batetik, euskararen jakintzaren behaketa egin dute. Tolosa & Co merkatari elkartearen barruan dauden dendetan inkestak banatu dituzte, jendaurreko langileen hizkuntza maila ezagutzeko. Era berean, inkestarekin batera, Tolosan euskara ikasteko dauden baliabideak eta laguntzak ezagutarazi dizkiete merkatariei. Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, honi jarraipena ematea "oso garrantzitsua da, datuak eguneratuta izateko".
Bestalde, euskararen erabileraren behaketaz hiru ikastetxeetako ikasleak arduratu dira. 75 denda aztertu dituzte, eta horietan eman diren 200 elkarrizketa. Behatutako elkarrizketa horietatik, 94 (%47) izan dira euskaraz, 48 (%24) gazteleraz eta 58 (%29) elebitan. Azken horietan desberdintasunak ere azpimarratu dituzte. Izan ere, elkarrizketa, salmenta nahiz agurra elebitan egiten dutenak %41 izan dira; salmenta gazteleraz eta gainerako guztia euskaraz %9k egin dute, eta agurra euskaraz eta beste guztia gazteleraz %50ak. Hori guztia kontuan hartuta, "emaitza positiboak" direla uste dute, baina "euskaldunen artean ematen den hizkuntza aldaketa saihestu beharko litzateke".
Azkenik, aurreko guztia kontuan hartuta, Galtzaundirekin batera, hizkuntza paisaiaren behaketa egin dute. "Une honetan, klasifikazio eta aztertze lanetan ari gara, eta ondoren, merkatari elkartera eta Udaleko Euskara zerbitzura bidaliko ditugu emaitzak, eta aldaketa proposamenak", azaldu dute. Puntu hau amaitzeko dagoen arren, orain arte ikusitakoarekin, Tolosako egoera "nahiko ona" dela uste dute.
Tolosa & Co merkatari elkartekoen ustez, "Tolosan euskaraz erosteko aukera dago, euskararen aldeko apustua egiten dugu, eta horretan ahaleginduko gara aurrerantzean ere". Tolosako Udalak, bere aldetik, dendariek "zer esan handia" dela euskararen erabileran uste du. "Aurrera begira ere, bide honetatik jarraituko dugu, eragileekin elkarlanean, gisa honetakoa bezalako kanpainak bultzatzen".
Kontseiluak, berriz, parte hartu duten eragile guztiak eskertu nahi izan ditu, bereziki ikasleak. "Horrelako lanketak aberasgarriak dira eurentzat, behaketak nola landu ikasten dutelako eta euskararen egoera barneratzeko aukera dutelako".
Azterketak egin eta ondorioak ateratzearekin batera, kartelak, iragarkiak edota mahai gainekoak ere jarri dituzte Tolosako dendetan. "Horien bidez, dendariak eta bezeroak gonbidatu nahi ditugu, Tolosan berezkoa den hizkuntza, euskara, salerosketa guztietan erabiltzera".