Larunbatean emango zaio amaiera ezker hormako V. Emakumea Pilotari Txapelketa-Kutxa Sariari. Tolosako Beotibar frontoian jokatuko dira finalak eta jaialdia 16:00etan hasiko da.
Lehen norgehiagokan erabakiko da jubenil mailako zein bikotek jantziko duen Gipuzkoako txapela. Aurrez aurre izango dira Miren Goikoetxea-Maider Huizi eta Amaia Irazustabarrena-Maider Semper. Laurak dira hernaniarrak.
Hurrengo partidan, bigarren mailako finala izango da jokoan. Bi hernaniar ariko dira atzelari postuan, Hernaniko elkartekoak. Bi aurrelariak, aldiz, Altzatarra elkarteko kide dira. Beraz, elkarteetako arduradunek lasai izan beharko lukete, txapel bana ziurtatuta baitute hasi aurretik. Norgehiagoka honi dagokionez, ligaxkan elkarren kontra jokatu zutenean Bañales eta Perez nagusitu ziren, partida gogor bezain estu baten ondoren, 30 eta 25eko emaitzarekin.
Jaialdia itxiko duen finala lehen mailakoa da. Maider Mendizabal anoetarra eta Nagore Arozena lizartzarra ariko dira atzeko koadroetan. Hiru aldiz neurtu dituzte indarrak Emakumea Pilotariko frontoiko finaletan eta hirurak anoetarrak irabazi ditu. Arozena, beraz, gogotsu aterako da. Aurrean, txapelketa osoan zehar euren lana txukun bete duten Maite Redondo oriotarra eta Miren Zabala azpeitiarra ariko dira.