Tolosako Emakumeen Denboraren Bankuak, udalaren Berdintasun sailak lagunduta, Truke Eguna antolatu du igandean Zerkausian. 11:00etatik 14:00etara izango da eta ekimenaren helburua «harreman eta elkartruke solidarioa sortzea da», antolatzailek azaldu dutenez. «Bizitza honetan dirua ez da beharrezkoa denentzako», gaineratu dute.
Orain urtebete inguru sortu zuten zenbait emakumek Denboraren Bankua Tolosan. Bi astean behin elkartzen dira eta beraien arteko elkartrukea egiten dute. Horretarako denbora txekeak erabiltzen dituzte. Hau da, janari bat prestatzen ematen duzun denbora, zerbaiten klaseak ematerakoan pasatzen duzun denbora... kontuan hartzen da. Gero zerbitzu bat eskatu dezakezu lortutako denbora txeke horiekin.
Tolosako taldeak beste herri batzuetan Truke Eguna antolatzen ari direla ikusita, herrian ere horrelako ekimena antolatzea pentsatu eta aurrera eraman dute. Hala, igandean Zerkausian produktuak eta zerbitzuak elkartrukatzeko aukera izango da. Horretarako Emakumeen Denbora Bankuak herritar guztiei gonbitea luzatzen die bertan parte hartzeko.
Mundu arteko elkartrukea
Elkartrukearen Merkatua egingo dela aprobetxatuz, Mundu bat Tolosaldean egitasmokoek egun horretan, arratsaldean, mundu arteko elkartrukea antolatu dute. 16:00etan hasiko da eta bertan Tolosaldeko herritarrei kafe, te edo txokolate bat hartzera gonbidatzen dituzte. Antolatzaileek azaltzen dutenez, «bertan elkar ezagutzeko eta solasalditxo bat izateko aukera egongo da». Bakoitzaren ohitura, kultura eta istorioak ezagutzeko zein inguruko jende berria ezagutzeko aukera emango du ekimenak. Antolatzaileek jakinarazi dute haurtzaindegi zerbitzua izango dela.