Gabonetako Azoka Berezia izango da bihar goizean. Urteko azkena eta garrantzitsuenetakoa den honek hiru gune hartuko ditu produktuen erakusleiho lana egiteko: San Frantzisko pasealekua, Trianguloa plaza eta plaza Zaharra. Horiei, larunbateroko merkaturako erabiltzen direnak gehituko zaizkie: Zerkausia, Berdura plaza eta Euskal Herria plaza.
Jakiak, artisautza, animaliak...
San Frantzisko pasealekuan, era guztietako jakiak egongo dira salgai. Baina, jakiez gain, artisauek landutako lanak ere izango dira Artxiboaren aurrean jarritako postuetan.
Trianguloan, barazki eta fruta ugari izango da. Eztia, ahatekiak, gazta, txokolatea edota ardoa ere erosteko aukera izango da. Bestalde, Tolosako dendariek ere kalera aterako dituzte beraien produktuak.
San Blas Elkartearen laguntzarekin, Odolki Lehiaketa egingo dute Trianguloa plazan. 08:00etan hasiko dira parte-hartzaileak odolkiak sutan jarriz, eta 13:00etan jakingo da irabazlearen izena. Bitartean, goizean zehar, pasa den urteko irabazlearen odolkiak dastatzeko aukera izango du nahi duen orok. 16 harategik eman dute izena, eta parte hartu nahi duenak 943 69 75 21 zenbakira deitu beharko du, gaurko 13:00 baino lehen.
Bestalde, plaza Zaharrean euskal arrazako animalien erakusketa egongo da, eta Bidaniatik etorritako euskal txerriaren produktuak eskuratu ahalko dira.
Konpota hiru gunetan
Tolosa Gourmet-eko kide den Fronton jatetxeak prestatuta, konpota banatuko diete asteroko merkatuan egoten diren saltzaileei «urte guztian egiten duten lan hori nolabait egun berezi honetan eskertu asmoz». Zerkausian, Berdura plazan eta Euskal Herria plazan banatuko dute.