Eguberrietarako egitarau berezia prestatu du Topic Txotxongiloen Nazioarteko zentroak. Batetik, hiru txotxongilo antzezlan izango dira ikusgai, eta bestetik, txotxongiloekin telebista saio bat egiten ikasteko tailerra eskainiko du, gaztetxoenei zuzendua.
Lehen antzezlana larunbat honetan izango da. Herrialde Katalanetako Eugenio Navarroren konpainiak Errutinak lana aurkeztuko du. Txotxongilolari ibiltariek plazetan edota antzeztoki txikietan egin izan dituzten lanak irudikatzen dituzte.
Bestalde, Andaluziako Buho Maravillas taldeak Ozeko magoa eskainiko du abenduaren 30ean. Musika eta kantu flamenkoa txotxongiloekin uztartzen dituzte.
Hirugarren antzezlana urtarrilaren 8an izango da. Teatro Paraiso euskal taldearen eskutik Txirulari majikoa lanaz gozatzeko aukera izango da, Hamelingo txirularia lanaren bertsioa, hain
zuzen ere. Hiru antzezlanak 18:00etan hasiko dira. 4 euro ordaindu beharko dute haurrek eta helduek, berriz, 7 euro.
Tailerrari dagokionez, 6 urtetik gorako haurrek txotxongiloekin telebistarako saio bat egiten ikasiko dute. Panpina errazak egingo dituzte, eta horiekin istorioak asmatzen ikasiko dute. Abenduaren 27tik 30era izango da, 10:00etatik 13:00etara, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Tolosako Ekinbide Etxetik azaldu dutenez, gaztetxoek jolasteaz gain ikasi egingo dute. 25 euro ordaindu beharko da izena emateko.