Tolosa eta Allariz elkarlanean

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 10a

Tolosako Udalak eta Allarizko Udalak zuten harremana sendotu dute, berriki sinatu duten lankidetza hitzarmenari esker. Lehen sektorea eta landa auzoen garapena bultzatzeko lan egitea du izango du helburu nagusi bi herrien arteko elkarlanak.

Hala, arlo horietan duten eskarmentua baliatuko dute, dituzten esperientziak, proiektuak edota ezaugarriak partekatuz. Tolosako Udalak, esaterako, azoka eta merkatuen antolaketan esperientzia «handia» du, eta horren adibide dira larunbateroko azokak eta urtean zehar antolatzen dituen azoka bereziak. Allarizko Udalak, berriz, «landa auzoen inguruan lan egitea zer den ondo ezagutzen du», 14 parrokia eta 2.000 lagun baino gehiago bizi diren 92 landa auzo baititu.

Azokak antolatzen laguntza

Bada, lehen sektoreari dagozkion lan batzuk elkarrekin garatuko dituzte, hainbat azoka eta merkataritzaren arlo ezberdinen ildoak elkarrekin landuz. Tolosako Udalaren kasuan, esaterako, larunbatetan egin ohi duen azokaren inguruan aholkularitza emango dio, Allarizko Udalak ere gisa bereko azoka bat antolatzeko beharrezko laguntza eskainiz. Azoka berezien kasuan, Txuletaren Festa bezalako ekimenak garatzen eta egikaritzen lagunduko dio.

Landaretza eta lorezaintza sarea

Allarizko Udalak, berriz, landa auzoak sustatzeko egin daitezkeen ekintzen inguruan emango dio laguntza Tolosako Udalari. Halaber, Dastamenaren parkea izenekoa eskainiko dio Allarizek Tolosari. Hau Alondegia plazan jartzeko asmoa dute.

Horiez gain, Allariz eta Tolosako Udalek landaretza eta lorezaintza sarea osatuko dute, beste hainbat herrietako lankidetza eta partaidetza sustatuz.

Aurrera begira garatuko dituzten jarduerak hitzarmen berezien bidez zehaztuko dituzte, eta horietan bi aldeek bete beharreko lanak, aurrekontuak, finantzabideak eta lasuan kasuko zehaztapen guztiak adostu eta bilduko dituzte. Bestalde, iragan abenduaren 5ean sinatu zuten lankidetza hitzarmenak ez du amaiera datarik, eta bi aldeek erabakitzen duten arte luzatuko da.

2003az geroztik harremana

Tolosak eta Allarizek 2003. urtetik dute harremana. Anxo Quintana bertako alkate izandakoa da, eta Jokin Bildarratzek harremana du berarekin, senatari izan zen garaitik. Horrela sortu zen bi herrien arteko harremana.

«Urte horretatik hangotarrak gurera etortzen hasi ziren, eta gu hara joaten», azaltzen du Jokin Bildarratzek. «Esaterako, Tolosan bezala, goxoen eguna izaten dute Allarizen, almendra delarik hango izarra, eta 2003an Gorrotxategi joan zen hango azokan parte hartzera, gure ordezkari gisa». Allarizekoek ere Tolosa Goxua azokan parte hartu izan dute, baina horrez gain, Tolosa bisitatu eta ezagutzeko aukera izan dute urte hauetan guztietan. «Larunbateroko azokak, batez ere, asko gustatu zaizkie, eta baita Txuletaren Festa bezalako ekimenak, eta horiek han antolatzen hastea dute helburu». Horretan aholkularitza emango die Tolosako Udalak.

Bestalde, Tolosako alkateak azaltzen duenez, «9.000 biztanle izateko oso aurreratuta dagoen herria da Allariz, eta 50.000 biztanle dituen herri batek eskaintzen ez dituen zerbitzu ugari ditu». Beraz, hango ereduak aintzat hartzea «garrantzitsua» izango da Tolosarentzat, «batez ere, landa auzoekin loturikoak».

Bi herrien arteko lankidetzaren ikur moduan, Tolosak «opari» bat jasoko du laster, Dastamenaren parkea, hain zuzen ere. «Portugalgo herri batekin batera, europar proiektu batean hartu du parte Allarizek, eta horri esker lorategi ugari ditu herrian; bada, lorategi horietako bat oparitu egin digute, eta laster ekarriko dute Tolosara. Alondegi plazan izango du kokagunea», azaltzen du Bildarratzek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!