Tolosako Bilgune Feministak elkarretaratzea egin zuen atzo Tolosako Trianguloan orain egun gutxi Barakaldon eraildako Cristina Estebanezen heriotza salatzeko eta bere lagun eta senitartekoei elkartasuna agertzeko. "Hauxe da milaka emakumek Euskal Herrian bizi duten babesgabetasun egoeraren ondorio larriena. Hauxe da gure herrietan ditugun instituzioek bideratutako lege, berdintasun batzorde eta neurriek ematen diguten erantzuna",nabarmendu zuten. Era berean, bizi dugun "sistema patriarkala kapitalista" salatu zuten. "Arazo estruktural bat dugu aurrean. Eta arazo estruktural bati momentuko neurriekin erantzutea ez da nahikoa. Neurri eraginkorrak behar ditugu, prebentziozkoak, integralak, jendartean erasotzaile gehiago ez dela egongo bermatuko dutenak. Eta nola ez, behin emakume batek erasotzailearen aurkako salaketa jartzeko pausua ematen duenean, benetako babes neurriak martxan jarriko direla ziurtatu behar da", argitu zuten.
Kristine Bosqueren heriotza salatuko dute bihar, Leitzan
Barakaldoko Cristina Estebanez, hala ere, ez da egun hauetan erail duten emakume bakarra. Izan ere, azaroaren 28an Baionako erietxean 68 urteko Kristine Bosque hil zen. Azaroaren 21ean eraman zuten erietxera, oso larri, eta astebete beranduago hil zen. Orain autopsiak erakutsi du litekeena dela itota hil izana, eta Paul Bosque 65 urteko senarra atxilotu dute hiltzailea delakoan. Hau salatzeko elkarretaratzea egingo du Leitzaldeko Bilgune Feministak bihar, larunbata, 20:00etan Lopeneko biribilgunean.