Eguberri giroa kaleetan

Iñigo Terradillos 2010eko abenduaren 9a

Eguberrien etorrera iragarri ohi duen elementu nagusietako bat herriaren apainketa izan ohi da, kaleak argiz eta musikaz girotzen baitituzte. Tolosan dagoeneko piztu dituzte argiak, eta musika ere entzungai da goizez nahiz arratsaldez.

Bada, ordea, aldaketarik beste urteekin konparatuta. Ohi bezala, Tolargik apaingarriak jarriko ditu, eta honek jartzen dituenak osatzeko Udalak ere jarriko ditu, baina ez kaleetan besteetan bezala. Izan ere, aurten guneka apaindu nahi du herria Udalak, eta ez kaleka. Hala, esaterako, Euskal Herria plaza, Emeterio Arrese edota Lapurdi plaza argiztaturik egongo dira. Herri osoan zehar banaturik, 300 elementu inguru jarriko dituzte.

Udalak, bestalde, azken urteetan argiztapenarekin eman den aurrezpena ere azpimarratu nahi izan du: «led teknologia erabiliz orain 37 Kw-eko kontsumoa dugu, lehen 166,2koa zen bitartean».

Musikari dagokionez, 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara jarriko dituzte entzungai ohiko doinuak. «Herritarrek horrela eskatuta jarriko dugu ordutegi horretan, gainera, horrela jendea kalean egon ohi den orduetan baino ez da izango entzungai», azaldu du Olatz Peon Udaleko Auzoetako eta Landa Eremuetako zinegotziak. Halaber, Peonek Tolargiren lana eskertu nahi izan du, eta Udala eta merkatari elkartearen arteko elkarlana azpimarratu du.

Zuzeneko musika eta loreak

Izan ere, Tolosa & Co merkatarien elkarteak ere herria girotzea izango du helburu bere Gabonetako kanpainan. Pedro Tolosa elkarteko lehendakariak azaldu bezala, «ukitu gorria eman asmoz, 500 Pazko edo Gabonetako lore banatuko ditugu». Apaingarriez gain, zuzeneko musika jarriko dute merkatariek abenduaren 21, 22, 23 eta 29an eta urtarrilaren 3 eta 4ean. «Herriko lau gunetan izango dira kontzertu hauek, Tolosako musikariekin, eta ahots taldeak nahiz instrumentalak izango dira», azaltzen du Tolosak.

Halaber, Topic-ekin elkarlanean, abenduaren 30ean izango den  Ozeko magoa antzezlanera eta urtarrilaren 3 eta 4ean txotxongilo tailerretara doan joateko txartelak banatuko dituzte dendariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!