Urtero bezala, San Bernardo, Ttenttek, Kazkabarra, eta Kirikiño aisialdi taldeek Jaiotzen Lehiaketan parte hartzeko deialdia luzatu dute. Abenduaren 30a baino lehen eman beharko dute izena parte hartu nahi dutenek, Kultur Etxean edota www.zazpitantriangulon.com web orriaren bidez. Bestela, urtarrilaren 5ean bertan egin ahalko da, Plaza Zaharrean, 18:30ak baino lehen.
Taldeka eman daiteke izena, eta hauek, gehienez, lau lagunez osatuak egon beharko dute. Lehiaketan parte hartuko duten jaiotza guztiek Errege Kabalgatan parte hartuko dute urtarrilaren 5ean, eta horretarako, Plaza Zaharrera joan beharko dute, 18:30etan. Errege Kabalgata amaitu ondoren eta sari banaketa burutu arte, jaiotzak Zerkausian erakutsiko dituzte.
Sari potoloak eskuratu ahalko dituzte parte-hartzaileek: irabazleek 40 euroko erosketa txartela jasoko dute taldeko partaide bakoitzarentzat; bigarren geratzen direnek 30 euroko erosketa txartel bana lortuko dute; eta hirugarrenek 20 euroko erosketa txartelak. Txartel hauek Tolosa & Co merkatarien elkarteko dendetan erabili ahalko dira.
Lehen hirurek ez ezik, parte-hartzaile orok jasoko du opariren bat. Sari banaketa Zerkausian egingo dute, Errege Magoak bertan dauden bitartean. Epaimahaikideek jaiotza egiteko eskulanaren trebetasuna, originaltasuna edota abilezia bezalako ezaugarriak hartuko dituzte kontuan jaiotzak aukeratzeko orduan.