«Nire ametsa: denek euskaraz egin nahi izatea eta gogo hori kutsakorra izatea»

tolosa 2010eko abenduaren 2a

Legealdi honetan sartu zen udal gobernuan EAJko kide den Ainhoa Etxeberria (Azpeitia, 1969) Euskara zinegotzia izateko. Tolosako Udalak euskararen ordenantza berria onartu du eta, besteak beste, «udalarekin zerikusia duen edozein alorretan euskaraz komunikatu ahal izatea» ahalbidetu nahi du, Etxeberriak dioenez.

Euskararen ordenantza berria onartu du udalak. Zer nabarmenduko zenuke bertatik?

Aurreko ordenantza 1990. urtekoa zen eta zenbait ataletan zaharkituta zegoen. Ordenantza berriarekin udalarekin zerikusia duen edozein alorretan euskaraz komunikatzea ahalbidetu nahi da. Bai udala herritarrei zuzentzen denean, bai herritarrak udalera joaten direnean, bai udalaren barruko harremanak, baita enpresa bat kontratatzen denean lan bat egiteko... Herritarren parte-hartzea azpimarratu nahiko nuke eta egin duten lana eta ekarpenak eskertu. Aurrekoarekin alderatuz, berriak ordenantzaren  betetze mailaren jarraipena nola egin zehazten du. Organo eragilea den Euskara Batzordeak ordenantzaren jarraipen batzordea izango du, herriko sektore, talde ordezkari eta abarrez osatua, hutsuneak identifikatzen, proposamenak egiten, konponbideak bilatzen... laguntzeko.

Aurki datorren urteko aurrekontuak onartuko dituzue. Zein dira Euskara sailarentzako aurreikuspenak?

Aurtengoaren antzekoak izango dira. Ez dago alde handirik. Etorriberriak euskalduntzen laguntzea eta erabilera areagotzea dira helburu nagusiak.

Euskal komunikabideei ematen zaizkien diru laguntzei dagokionez, aldaketarik izango da?

Ez. Diru laguntza berdinak emango dira. Aspalditik, hedabideen arteko elkarlana bultzatu nahian gabiltza. Lau hedabide ezberdin ditugu Tolosan eta bakoitzak ezaugarri ezberdinak ditu, elkarlana bultzatuz lan hobea egin  dezakezuela uste dugu. Krisi egoera honek zerbait ona badu gauzei pare bat buelta ematera behartzen zaituela da eta elkarlan honen bidez  baliabide beraiekin gauza gehiago eta hobeak egin daitezkeela uste dugu. Legealdi honetako helburuetako bat  izan da hau eta uste dut hedabideak ere konturatu zaretela hori guztiontzat ona dela eta hasiak zaretela elkarlan hori garatzen. Badakit ezin dela goizetik gauera gauzatu baina pausoak eman behar dira eta ematen hasiak dira.

Hizkuntza politikari buruz, besteak beste alfabetatzea, zein da aurrera begirako ikuspegia?

Alfabetatzean gero eta lan gutxiago dago, gazteak ikastetxeetatik alfabetatuak ateratzen direlako eta euskaraz ikasteko aukerarik izan ez duten helduak ez direlako hain erraz animatzen pauso hori ematera, beren ondorengoak alfabetatzearekin nahikoa dute eta. Nik pauso hori ematera animatuko nituzke, denoi gustatzen baitzaigu gauzak ondo egitea, gure hizkuntzan ondo moldatzea eta zerbait idatzi edo irakurri behar dugunean zalantzarik gabe egitea. Gure seme alabei etxerako lanak egiten laguntzerakoan, zer eta nola idatzi jakiteak, irakurritakoa ulertzeak, segurtasuna transmititzen die, lasaitasuna, lagundu egiten diegu eta laguntza hori ikusi egiten dute. Garrantzitsua da. Gero eta etorriberri gehiago dago euskaltegietan eta hori poztekoa da, euskararekiko errespetua adierazten dutelako eta gure kultura eta hizkuntza ezagutzeko gogoa. Euskarak aurrera egingo badu hori da eman beharreko pausoa, gero eta jende gehiagok ezagutu eta erabil dezan. Etorkizuna hortik ikusten dut, gazte eta heldu etorriberriak euskalduntzen, Tolosa euskaldun batean.

Datorren urteko Euskaraenea egitasmoaren inguruko zerbait aurreratu zenezake?

Datorren urteko Euskaraenearen gai nagusia ahozkotasuna da eta hori lantzeko ekimen ezberdinak prestatzen ari gara, ikastetxe, hedabide eta herriko eragile ezberdinen artean. Hitzaldiak, musika emanaldiak,poesia errezitaldiak... bertako hizkera bizia jaso nahi dugu eta honen inguruan ekimen bereziak prestatu. Gauzak oraindik airean daude, ideiak baditugu baina ez daude erabat lotuta.

Udalak hitzarmena sinatu du hainbat erakunderekin ahozkotasuna bultzatzeko gazteen artean. Zertan lagunduko dio horrek euskararen erabilerari egunerokotasunean eta zer garrantzia du ekimen horrek?

Guk garrantzi handia ematen diogu, gazte adinera iristen garenean erabileran beherakada nabaritzen da, zergatia jakin nahi dugu eta joera hori aldatu. Horregatik eta horretarako da ekimen hau. Hiru pausotan eragingo duelako. Aurrena ikertu egingo dute, gero ikerketa horren emaitzak atera, eta ikerketa horren emaitzak lantzeko ekimenak prestatu eta azkenik ekimen horien emaitzak ebaluatu. Lau urtetarako egitasmoa da. Helburua hiztun onak lortzea eta hiztun onak izan daitezen tresnak ematea da. Ondo menperatzen duzun hizkuntzan, hobeto adierazten zara eta horrexegatik gehiago erabiltzen duzu. Foru Aldundira eta Eusko Jaurlaritzara laguntza eske jo genuenean beraiek ere ahozkoan eragin nahi zutela esan ziguten, idatzizkoa landu den moduan ahozkoa ez delako landu eta beharrean dagoelako.

Aurki legealdia bukatuko da. Zein da egiten duzun balantzea?

Aurrera pausoak eman direla uste dut, euskaltegiak bere materiala propioaren prestaketa lana bukatu du, eta emaitza onak ematen ari da, euskara ordenantza berri bat egin dugu, kostata baina atera da, ahozkotasun egitasmoa ere martxan da, lan mundua euskalduntzeko egitasmoak ere martxan badoaz, aurten aseguru munduan ari gara, lan handia ari dira egiten eta hau ere bere munduan lehena da, guk dakigunez, aseguru guztiak euskaraz egiteko aukera izango dugu gutxi barru, haurtzaindegi berria ere badoa, hedabideen arteko elkarlana ere lehen pausoak ematen hasi da... Beti dago zer egin baina aurrerapausoak eman direla uste dut. Proiektuak, ametsak... Euskarazko produktu onak lortzea, erakargarriak, era guztietakoak, euskara modan jartzea. Hori da nire ametsa, denek euskaraz egin nahi izatea eta gogo hori kutsakorra izatea. Gure hizkuntzarekiko errespetua lortzea da daukagun erronkarik handiena, euskaraz egin nahi duenak egin ahal izatea ondokoak gaizki ikusi edo ulertu gabe.

Nola ikusten duzu Tolosan euskararen egoera?

Aurrera egin duela uste dut. Ni etorri nintzenean, beti berdina esaten dut baina lehen inpresioa hori izan zen eta hori geratu egiten da, haurrak gazteleraz entzuteak asko txokatu ninduen. Azpeitian haur, heldu eta gazteek euskaraz egiten dute eta harritu egin nintzen. Baina jada ez dut hainbeste gaztelera entzuten haurrengan eta hori itxaropentsua dela uste dut.

Zer egin dezake udalak egoera hobetzeko?

Lanean jarraitu, orain arte bezala ilusioz eta gogoz beterik. Poliki poliki baina etenik gabe.

Eta herriko elkarte eta eragileek?

Berdin, ilusio eta gogo hori jarri eta erabili. Lehen esan dudan bezala euskara modan jarri behar dugu guztion artean.

Euskararen Egunean zer ospatu behar da?

Euskaldun eta ez euskaldun guztiok ospatu behar dugu, ahalegina guztiok egin behar dugulako, errespetuz, gure hizkuntzak bizi iraun dezan. Egin dezagun topa: geroan ere euskara izan dadin!  Zorionak euskara!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!