Ingurumenarekiko sentsibilizazioa bultzatu nahi dute Usabal kiroldegitik

tolosa 2010eko abenduaren 2a

Tolosako Usabal kiroldegiak bost urte bete ditu eta urteurrena aprobetxatuz ingurumenarekiko sentsibilizazio kanpaina martxan jarri du Tolosaldeko Mankomunitatearekin batera. Hainbat ekimen bultzatu dituzte, horien artean Hondakin gutxiago, ongizate gehiago izeneko erakusketa ibiltaria. Erakusketa kiroldegian bertan dago eta urtarrilaren 7a arte egongo da ikusgai. Beste zenbait ekimen ura, papera eta argia aurrezteko burutuko ditu kiroldegia kudeatzen duen Kirolzer enpresak.

Kiroldegiak egun 9.100 bazkide eta egunero 1.700 erabiltzaile ditu eta lau eremutan sentsibilizatu nahi die. Alde batetik, ura. Urtean 50 milioi litro ur gastatzen ditu  kiroldegiak eta beraz, moderazioz kontsumitzeko eskatzen die. Paperari dagokionez, 581.400 metro paper kontsumitzen ditu. Hondakinen inguruan, kiroldegiak berziklatze puntu bezala identifikatua izatea nahi du eta erabiltzaileei eskatzen die ahal den hondakin gutxiena sortzea bai instalazioaren barruan eta baita kanpoan ere. Energiari dagokionez, urtero 230.000 kw elektrizitatean eta 2,4 milioi kwh gasean kontsumitzen du.

Hain justu, gai horiekin lotura duen erakusketa da Hondakin gutxiago, ongizate gehiago. Zazpi panel ditu eta hondakin gutxiago sortzeari, ekodiseinuari eta ura aurrezteari buruz azalpenak ematen ditu. Deigarriak dira kiroldegiaren harreran dauden irudia –Tolosa hondakinez beteta ikusten dena– eta panelen aurrean dagoen iturria.

Hiru ekimen

Sentsibilizazio kanpainaren baitan hiru ekintza jarri ditu martxan kiroldegiak. Alde batetik kaxa bat jarriko dute eta bertan erabiltzaileek eguneroko erabilerari buruzko iradokizunak jarri ahal izango ditu. Bestetik Eguberrietako zuhaitza jarriko dute eta erabiltzaileek apainduko dute birziklatutako materialekin. Azkenik, abenduaren 27tik 31ra kirol gymkana antolatu dute. Bertan bost laguneko taldeek parte hartu ahalko dute. Parte-hartzaileen artean bi bizikleta zozketatuko dituzte. Beste hiru bizikleta kanpainan parte hartzen dutenen artean zozketatuko dituzte. Horrez gain, beste bost bizikleta zozketatuko dituzte erabiltzaileen artean, astero bat, bosgarren urteurrena ospatzeko.

Aurrera begira lau asmo ditu kiroldegiak: igerilekuetako ur beroaren berreskuraketa beste erabilerak izateko, sistema elektrikoan hobekuntzak eguneko 550 kw/h-ko gehienezko kontsumoa txikitzeko, ur beroaren mementoko produkzio sistema ezartzea eta kogenerazioaren bidez (orain arte %36a lortu du) behar den energia elektriko guztia sortzea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!