Gogorra da dokumentala. Guatemalak, 1960 eta 1996 bitartean bizitako errealitatea bezain gogorra. Gerra zibileko urte hauetan, estatuak burututako krimenek triskantza eragin zuten gizartean; 250 mila pertsona erailak eta 45 mila desagertuak.
Gobernuak inoiz ez du deus egin errudunak zigortzeko. Gezurrari eta injustiziari, patua jarri zitzaion ordea parez-pare. 2005ean Guatemalako hiriburuan, leherketa baten ondorioz Polizia Nazionalaren Artxiboko dokumentuak aireratu baitziren. Egiak tokia bilatu behar eta 80 mila dokumentuk argia ikusi zuten.
Dokumentu hauek dira La Isla dokumentalaren ardatza. «1975 eta 1985 urte bitarteko dokumentuetan atzeman dugu Giza Eskubideen urraketa handiena» azaldu du Gustavo Meoño, Polizia Nazionalaren Artxiboko zuzendariak. «Poliziak beti ezeztatu egin zuen dokumentu hauen existentzia. Isiltasunarekin ahaztu nahi zuten gertatua. Baina, eztandaren ondoren, 8 kilometro osatzen dituzten kaxak aurkitu genituen. 80 mila dokumentu guztira» gaineratu du Meoñok.
Uli Stelzenerrek zuzendu duen dokumentalak, 85 minututan laburtzen du, isiltasunak orain arte gorde dutena. Luciernaga kultur eta ikus entzuteko elkartearen laguntza izan du zuzendariak, irudiak eskuratzerakoan. «Alemania, Frantzia eta Estatu Batuek utzi zizkiguten artxibo irudiak dokumentala osatzeko» azaldu du Alfonso Porres, elkarteko zuzendariak.
Eskenatoki nagusia hala ere, La Isla kartzela sekretua da. Eztandak agerian utzi zuena. Bertan, 147 langile ari dira dokumentuekin lanean. Langileen testigantzak ere dokumentalaren parte dira; aita desagertuaren dokumentua aurkitu duen artxiboko langilearena kasu.
Artxiboa egun zabalik dago, desagertuen familiek informazioa eskura dezaten bertan. Dokumentala grabatzen ari ziren bitartean, anai arreba anonimo batzuk hurbildu ziren bertara egiaren bila. Dokumentaleko protagonista bihurtzeraino. 22 familiar desagertu zitzaizkien gerra garaian. Beraien testigantza latzak, sarraskiaren kontakizunek, begietatik darien tristurak, familia, generazio eta gizarte baten suntsiketa azaltzen dute.
Komunitate indigenen aurka
Gerra Hotzaren urteak ziren. Edozein mugimendu ezkertiar arriskutsua zen garaia. Guatemalako gobernuak ere bazituen erreboltariak etxean eta Estatu Batuen eta Israelen laguntza izan zuen.
Halaxe baieztatu du Maya Alvaradok, Emakumeen Batasun Nazionaleko koordinatzaileak: «Guatemalak, Estatu Batuen eta Israelen laguntza izan zuen plan estrategiko bat egiteko. Bertan, Guatemalaren barne etsaiak diseinatu ziren, etsaiak komunitate indigenak ziren, Mayak».
Komunitate indigenak izan ziren gaztigatuenak. 600 komunitate desagertu ziren eta miloi bat pertsonen desplazamendua suposatu zuen.
Alvaradok eta Mayak bat egiten dute «Hegoamerikaren historian egon den genozidiorik gogorrena» dela aipatzean. «Nazio Batuen Erakundeak onartu du, genozidioraino iritsi zela Guatemalako Gerran gertatua, baina Guatemalako gobernuak nahiago du gertatua ahanztea» azaldu du Alvaradok, Artxiboko zuzendariak.
Egiak eztanda egin zuenetik, Guatemalan jende asko hitz egiten hasia da. Beldurra gainditu eta beraiei gertatua lau haizetara zabaltzen ari dira. Emakumeek urte horietan jasan zuten indarkeriaren adibide garbia da hauxe. Sei urte dira, Maya Alvarado emakumeen aldeko eskubideen alde lanean ari dela. «Emakumeen aurkako sexu indarkeria estrategia militarra zen. Gizarte egituraketa emakumeen duintasuna suntsitzea zuten helburu» azaldu du.
Pixkanaka bada ere, emakumeek hitz egiteko duten beldurra gainditzen ari direla esan du. «Emakumeek jasandako sexu indarkeriaren aurkako kontzientzia ekitaldian, 110 emakumek hitz egin zuten» gaineratu du.
Errudunak kalean
«Mundu guztiko sarraskietan horixe egin da, gertatua ahaztu, isildu, horrela bakarrik justifikatzen baita errudunak zigorrik gabe geratzea» esan du Alvaradok. Meoñok bere lanaren helburu nagusienetakoa «errudunak identifikatu eta zigorra ordainaraztea» dela esan du. «Izen abizenak dituzten agintari errudun batzuk zigorrik gabe geratu dira eta orain presidente izateko apustua egiten ari dira, hau onartezina da. Berriro ez ditugu boterean nahi» aipatu du Alvaradok.
Hautsak arrotzen hasi direla leporatzen badie batzuk ere, egiaren alde eta injustiziaren kontra lanean gogor jarraitzeko asmoa dute. Zenbaitetan egiten duten lanagatik beren burua arriskuan ikusten badute ere.
La isla dokumentala beso azpian dutela etorri dira, zinema sozialeko emanaldietan aurkeztu asmoz. Gustavo Meoñok, Maya Alvaradok eta Alfonso Porresek urteetako isiltasuna hautsi dute Guatemalako mugetatik haratago. Beraien ahotsa, orain arte inoiz kontatu ez dena, lau haizetara zabaltzeko indarra eta beharra dute. Tolosako aurkezpena arrakastatsua izan zen oso. Galdera asko egin ziren, zalantza eta jakin mina sortu zuen gaiak. Agian, gure historian ere gertatu delako horrelakorik.