Andia Kultur Elkartea sortu dute, historia eta kultura zabaldu asmoz

tolosa 2010eko abenduaren 1a

Tolosako hainbat lagunek eta zenbait nafarrek Andia Kultur Elkartea eratu berri dute. Elkartearen helburua Oria bailararen eta horren mugan dagoen Nafarroako lurralde zatiaren historia eta iraganeko kulturaren berri ematea da, ikerketa eta dibulgazio lanen bitartez.

Hogei bat lagunek osatzen dute elkartea eta bertako kide dira, besteak beste: Juan Garmendia Larrañaga, Jose Antonio Recondo, Jose Leon Eguiguren, Mikel Telleria, Joxemari Iturralde, Antxon Bandres, Ander Letamendia, Juan Agirre, Ramon Labaien, Jose Luis Orella Unzue, Peio Monteano, Patziku Perurena eta Juantxo Aleman. «Euskal kulturan eta oro har tokiko kulturan interesa dutenak» direla esan dute.

Elkartearen ibilbidea hasi besterik ez dela eta besoak zabalduta jasoko dutela «bertan parte hartu nahi duen edozein», diote. Hala, elkarteak izaera «plurala» izatea nahi dute, «osaketa heterogeneoa eta independentea duena, hau da, bertako kideen artean sinisbide eta ideologia ezberdinetakoak egotea».

Euskara eta gaztelera erabiliko dituzte, baina euskararen aldeko diskriminazio positiboa egingo dutela azaltzen dute. Bestalde, kultura «modu erangikor batean zabaltzeko» ez dute uste nahikoa denik idatziz edo ahoz bakarrik egitea eta komunikatzeko beste modu batzuen alde ere egiten dute: ikus-entzunezkoak, musika, artea, antzerkia, zinema...

Andia Kultur Elkartearen asmo garrantzitsua aldizkaria argitaratzea da, paperean zein interneten, hiru edo sei hilero. Egun asmo hori gauzatzea ez dela posible diote, baina datorren urtearen bukaerarako martxan jartzea espero dute. Bestalde, urtero beka bat sortzeko asmoa dute, inguruko eremuari eta kulturari buruzko gairen bat ikertuko duena. Asmo hori, baina, epe luzeagora ikusten dute.

Egitasmoak

Epe laburrera begira, hainbat egitasmo ditu Andia Kultur Elkarteak, zehazki datorren urteko lehen hilabeteetan. Horietako bat lau hitzaldiz osatutako zikloa izango da, Tolosako paperaren eta arte grafikoen historiari buruzkoa. Bestalde, Fronton kafetegian argazki erakusketa jarriko dute, hain justu, Fronton kafetegiari buruzkoa, bere 75 urteak gogoratuz.

Horrez gain gela dibulgatzaile bat diseinatu dute elkartekoek eta horren harira harremanetan jarri dira jubilatuen egoitzako zuzendaritzarekin, Orixe institutuko zenbait irakaslerekin eta Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin.

Esku artean duten egitasmo nagusiena Tolosa eta frantziarrak gaiaren inguruan udala antolatzen ari den ekitaldietan parte hartzea da. Horretarako, elkartetik ekitaldi bat prestatzen ari dira, «Kultur sailarekin batera antolatu daitekeena». Kale ikuskizuna egiteko asmoa dute,  jende askoren parte-hartzearekin, eta bertan desfilea egingo zen, musikariak eta abesbatzak parte hartuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!