Balio handiko altxor ezkutua

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 30a

Bi urte baino gehiago zaharberritzen aritu ostean, etzi Santa Maria elizako organoaren doinuak entzuteko aukera izango da berriro ere. Bisita eta emanaldi berezia antolatu dute horretarako, «uneak eta instrumentuak berak hala merezi baitute».

Eta, ez da gutxiagorako, Santa Maria elizako parrokoak Jesus Maria Arrietak azaltzen duen bezala, «bai liturgia bai eta kultura alorretik begiratuta, balio handiko altxorra» baita organoa. Duen tamaina eta edertasunarengatik ez ezik, ezaugarri guztiak bere horretan, aldaketarik apenas egin gabe mantendu delako du balio hori, eta Euskal Herrian gisa horretako bakarretakoa dela esan daiteke.

Mende bat baino gehiago

Organoa 1885. urteko apirilaren 12an inauguratu zuten. Organo barroko zaharra aldatzeko premia ikusi zuten, eta bai Udalaren bai eta hainbat herritarren laguntzari esker, Frantziako Stolz Freres etxeko organo bat erosi ahal izan zuten, 35.000 pezetako prezioan. Organo zaharraren kaxak balio handia zuenez, berria bertan egokitzea erabaki zuten. Urtebete iraun zuten organoa eraikitzeko lanek.

Sistema mistodun organoa da, 56 nota dituen hiru eskuzko teklaturekin eta 27 nota dituen pedalezko teklatu batekin. Nota horiek guztiak egikaritzeko tamaina txiki nahiz handiko eztainu eta egurrezko 2.300 hodi baliatzen ditu.

Santa Maria elizako musika jartzeaz arduratu zen organoa, 1991. urtean ezbeharra izan zuen arte. Izan ere, elizako sabaia konpontzen ari zirela, harri handi bat erori zitzaion gainera, bere funtzionamenduan ondorio larriak sortuz. Hainbat konponketa egin zituzten gerora, baina ez zuten lortu organoa bere antzinako egoerara itzultzea. Horregatik, erabat zaharberritzea erabaki zuten, adituen esku utziz.

Bi urteko lana

Denis Lacorre organogile frantziarrak koordinaturiko lan taldea aritu da 2008az geroztik konponketa lanetan. Lehendabizi organoaren pieza guztiak banan bana desmuntatu zituzten. Horiek Frantziara eraman zituzten, bertan konpontzeko, eta aurtengo ekainetik Santa Maria elizan ari dira muntatzen. Euren lana, ordea, muntatzetik aratago joan dela azaltzen du Lacorrek: «Organoaren berezko izaera errekuperatzea izan da gure helburua, eta horretarako lehen zituen doinuak ongi ezagutu eta horiek mantentzen saiatu gara».

420.000 euroko kostua izan dute zaharberritze lanek. Gipuzkoako Foru Aldundiak erdia ordaindu du eta Tolosako Udalak laurdena. Gainerakoaren ardura parrokiak hartu du, eta honek Kutxak, Organoaren Lagunek edota hainbat tolosarrek eskainitako babesa eskertu nahi izan du, «horien laguntzarik gabe ez zelako posible izango organoa martxan jartzea».

Altxor gehiagoren jabe

Etzi izango da lan horien emaitza ikusi eta entzuteko aukera. Lehendabizi organoa erakutsiko dute, eta ondoren honen musikaz gozatu ahalko da, Jose Arzelusen eskutik. Pantaila erraldoia ere jarriko dute, organo-jolearen lana behar bezala ikusteko.

Santa Maria elizak, ordea, organoaz gain altxor gehiago ere ezkutatzen ditu, eta horiek aurrera begira bisitarientzat irekitzea ari da aztertzen Udala. Modu horretan, elizako ganga gaineko zureria ezagutu ahalko litzateke, eta Tolosako ikuspegi ederrez gozatu kanpandorretatik.

http://www.youtube.com/watch?v=DlsjvvM0yZ0

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!