Tolosako Udalak langabezian edota bazterketa egoeran dauden 49 pertsona kontratatu ditu

Iñigo Terradillos 2010eko azaroaren 26a

Tolosako Udalak +Euskadi 09 ekimena baliatuz 49 lagun kontratatu ditu. Datorren urteko urtarrila bitarte, baina, gehiago kontratatuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren ekimenak 57 lanpostu aurreikusten baititu Tolosarako. Hain zuzen ere, beste 7 lanpostu geratzen zaizkio zehazteko Tolosako Udalari.

Betetzear dauden lanpostu horiek Lanbideren web orrian (www.lanbide.net) argitaratuko dituzte. Lanpostu horietara aurkeztu ahal izateko, aurrekoetarako bezala, ezaugarri batzuk bete beharko dituzte eskatzaileek: Inem edo Lanbiden egon behar dute izena emanda eta ez dute langabezia kontribuziorik jaso behar edo diru sarrerak bermatzeko errenta jaso dezakete, azken hauei lehentasuna emango zaielarik.

Gizarteratze agentea, inguruneko agentea; jolas eta kirol ekintzen dinamizatzailea; teknologia berrien teknikaria; kirol teknikaria; aukera-berdintasuna sustatzeko teknikaria eta topografo teknikaria dira Tolosako Udalak bete nahi dituen lanpostu berriak. Lanpostuetarako hautagaiak lanpostuarekiko egokitasunaren eta euren curriculumaren arabera aukeratuko dituzte.

Formazioa duten gazteei eta ikasketarik gabekoei

Orain arte kontratatu dituztenei dagokionez, bi talde nagusiri zuzendu zaiola ekimena esan daiteke: batetik, ikasketa zehatzik ez duten pertsonei eta, bestetik, erdi eta goi-mailako ikasketak dituztenei, baina lan esperientzia eskasa duten gazteei. 49 lanpostu horiek "interes orokorreko eta sozialeko" hainbat esparrutan banatu dira, hala nola, teknologia berriak, ingurugiroa, birziklapena, kultura, hezkuntza, ondarea eta gizartearentzako zerbitzuak.

Jokin BIldarratz Tolosako alkateak adierazi duenez, "ekimen honi esker, gizarte bazterketa jasan dezaketen pertsonek lan egin dezakete eta gazte askok lehen lan esperientzia bizi dezakete". Era berean, enplegua sustatzeaz gain, gizartea hobetu eta suspertzea lortzen dela horrelako ekimenekin dio Bildarratzek; "Izan ere, jendeari soldata ematearekin batera, ilusioa eta motibazioa ere ematen zaio, eta hori oso onuragarria da gizartearentzat".

Pertsona horien lanak, esaterako, Elosegi Parkearen, edo Santa Lutzia auzoko erruki-etxe zaharreko inguruaren birsortze eta garbiketa ekarri ditu. Beste langile batzuek herriko seinalizazio bertikal eta horizontalen (seinaleak, semaforoak, etab.) konponketa, garbiketa eta mantentzea egin dute edo ari dira egiten; auto-erabilpenaren inguruko datu-bilketa egiten edo bide-hezkuntzako kontzientziatze ekintzak garatzen ere aritu dira, "ondorioz, herritarren segurtasuna hobetuz". Beste batzuek, berriz, etxebizitzaren egoeraren inguruko ikerketa eta Tolosako landa-bideen mapa gauzatuko dute.

Sei hilabeteko iraupena duten kontratu hauen %35 herriko erakunde pribatuen kolaborazioarekin egin ditu, Udalarakin zerbitzu kontratu bat esleituta dutenekin, alegia. Alde Zaharreko Dendak, Gertek, Goroldi, Gureak, Kirolzer, Tolomendi eta Tolosaldea Garatzen, hain zuzen. 49 kontratatuetatik %57 emakumezkoak dira, eta %43 gizonezkoak. Adinari dagokionez, %23k 25 urte baino gutxiago ditu, %61ek 25 eta 44 urte artean eta %16k 45 urte baino gehiago.Ikasketen arabera, kontratatuen %32k ez du eskola graduaturik, %14,29k graduatu titulua dauka edo erdi-mailako graduren bat, %8,16k batxilergoa egina du, %10,20k goi-mailako gradua, eta %34,59k unibertsitateko tituluren baten jabe da. Kontratatuen %37k diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen zuen.

Hurrengo urtean jarraipenik ez

Eusko Jaurlaritzak 821.000 euro jarri ditu pertsona hauek guztiak kontratatzeko. Azaldu dutenaren arabera, ekimenak ez du jarraipenik izango datorren urtean. Jokin Bildarratzen ustez, ordea, jarraipena ematea oso garrantzitsua izango litzateke. Dena den, Tolosako Udalak alor honetan lanean jarraitzeko asmoa azaldu du. "Tolosaldea Garatzenekin batera, formazioa bultzatuko dugu, bakoitzak 60.000 euro jarrita; datorren urtean abiaraziko dugu enplegua sustatzea helburu duen ekimena".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!